Europar Batasunak atzo jakinarazi zuen Errusiaren kontrako zigor-sorta berri bat onetsi duela, hamahirugarrena Ukrainako gerra hasi zenetik. Larunbat honetan beteko dira bi urte Ukrainan gerrak leher egin zuenetik, eta, Ukrainako Gobernuari laguntza militarra emateaz gain, Kremlinari zigor ekonomikoak jartzen jarraitzen dute Hogeita Zazpiek.
Zigor-sorta koertzitibo berria "orain arteko zabalenetakoa" dela esan dute, eta hilaren 24an onartuko dute modu formalean. Modu batera edo bestera, Ukrainako gerran Errusiaren alde parte hartzen ari omen diren enpresak jarri ditu jopuntuan Europar Batasunak, baina ez Errusiakoak soilik: baita hirugarren herrialde batzuetakoak ere.
"Inbasioaren 250 arduradun" seinalatu ditu zigor-sorta berrian, leporatuta Errusiari lagundu diotela Europar Batasunak ezarritako zigor ekonomikoei aurre egiten eta iskin egiten. Horregatik, nazioarteko ehunka enpresa zigortuko ditu: Europako enpresek debekatuta izango dute horiekin salerosketan jardutea. Itxura denez, azpimarra berezia egin diete Errusiako Gobernuari gerrarako droneak ahalbidetzen dizkioten enpresei, eta aurrenekoz barne hartu dituzte Txinako enpresak ere.
Hirugarren herrialde batzuetako enpresak zigortzeaz gain, orain arte jopuntuan jarritako ia 2.000 pertsonaren eta enpresaren kontrako jarduna mantenduko dute Hogeita Zazpiek: beste sei hilabetez luzatuko dituzte euren kontrako zigorrak. "Putinen gerra-makineria hondatzen" jarraitzera deitu du Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak.
Amerikako Estatu Batuek ere jakinarazi dute zigor gehiago jarriko dizkiotela Kremlinari. Ostiral honetan emango omen dute neurri horien berri, Joe Biden presidentearen esanetan.
Milaka milioika euroko laguntza militarra
Joan den otsailaren 1ean adostu zuen Europar Batasunak Ukrainari laguntza militarra ematen segitzea: datozen urteetan 50.000 milioi euroko finantza-laguntza ematea erabaki du. Dena den, kolokan dago Bakerako Laguntza Funtsa (EPF, ingelesezko sigletan) delakoaren berritzea. Izen aski ironikoa duen funts horren bidez, Ukrainari armak bidaltzea finantzatzen du Europar Batasunak, baina hura mantentzeari buruzko zalantzak atera dituzte mahaira Alemaniak zein Frantziako Estatuak.