ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Periódico
2022/11/25 11:31
Europa eta Amerikako Estatu Batuak (AEB) mundu mailako ekonomia kapitalistaren zirkulazioa estutzen ari dira. Errusia munduko bigarren petrolio esportatzailea da, eta garia nahiz ongarria bezalako funtsezko lehengaien esportazioan ere nagusitzen da. Ondorioz, Errusiaren kontrako lehen zigor paketetik sei hilabetera, kolpea sumatzen da hango ekonomian, baina ez hainbatek espero zuten erorketa gauzatzeko bezainbeste. Le Monde Diplomatique aldizkariak gogora ekarri duenez, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) martxoan iragarri zuen %8,5eko atzeraldia izango zela Errusian, eta Munduko Bankuak Barne Produktu Gordinaren (BPG) %4ko jaitsiera bat baino ez du aipatzen orain. Martxa horretan, urrun dago "herrialdearen aberastasuna erdira murriztuko zela" zioen uste hura, joan den martxoaren 26an Joe Biden AEBetako presidenteak Polonian iragarria.

Antza denez, Europar Batasuna (EB) Errusiako ekonomia gutxietsita eta eurena berez dena baino indartsuagoa dela sinetsita hasi zen isunak ezartzen. EBk bi digituko inflazioari aurre egin behar dio dagoeneko, energiaren prezioan aspaldian ikusi gabeko marka historikoek bultzatuta. Horren erakusle da Frantziako Estatuan irail amaieran martxan jarritako erosahalmenari eusteko laguntza-neurrien sorta, urtean hezkuntzara bideratzen duten aurrekontuaren baliokidea dena. Alemaniak, aldiz, hirukoiztu egin zuen Parisen babes plana: industriarako bakarrik, 200.000 milioi euroko finantzaketa bideratzea onartu zuen. Lituaniako parlamentuan ere "laguntza pakete" berri bat onartu zen une batetik bestera, %20tik gorako inflazioa jasaten duten familientzako eta enpresentzako, 2023ko aurrekontuaren onarpena bizkortuta. Hala, herrialde baltikoan BPGaren %6 baino gehiago bideratzen da laguntzetara.

Finantza-zuloa

Horri guztiari Ukrainako Gobernuarentzako arma-bidalketak eta laguntza finantzarioa gehitu behar zaizkio. Nazioarteko Diru Funtsak aitortu duenez, Volodimir Zelenskiren administrazioak eskatzen du hilean 7.000 milioi dolar xahutzeko laguntza ekonomikoan zein militarrean, gutxienez. Herrialdea gerratik berreraikitzeko, berriz, "ehunka mila milioi dolar" behar dituztela ziurtatu du presidente ukrainarrak, eta badirudi Mendebaldeko potentziek ez diotela ezezkorik esaten.

Siderurgia, industria kimikoa, ongarrien ekoizpena eta papergintza bezalako sektoreak, aurretiaz nahiko ahul zeudenak, moteltzen edota zuzenean ixten ari dira Europan barrena. Horietako askok Asiara, Magrebera edota AEBetara lekualdatu dute ekoizpena. Egia esan, isunek AEBetako gobernuari zein enpresei egin diete mesede gehien, Errusiaren aurkako zigorrak hasi zirenez geroztik %63 handitu baitituzte gas natural likidotuaren bidalketak. Errusiako gasa ordezkatzearen aitzakiapean, euren lehengaia prezio altuan saltzea lortzen dute Europan.

Zigorren lehen paketearekin, EBk eta AEBek "finantza alorreko erasoaldia" prestatu zuten Errusiaren aurka. Hango zazpi banku SWIFT bankuen arteko mezularitza-sistematik kanpo utzi eta, errubloaren erreskatea geldiarazteko asmoz, Errusiako Banku Zentralaren nazioarteko erreserben erdia izoztu zuten; 300.000 milioi euro inguru. Bada, aurreikuspen guztien aurka, Errusiako banku-sistemak eutsi egiten dio, kapitalen kontrolak eta esportatzaileei beren dibisen %80 bere monetara bihurtzeko ezarritako betebeharrak kalteak mugatzen baititu. Gainera, errusiarrak Mendebaldean baino zertxobait ohituago daude krisialdietara, eta ez dute kutxazainetara diru bila arrapaladan jotzen.

Bumeran efektua

Apirilean eta maiatzean blokeo energetikoa ezarri zioten Errusiako Federazioari. Petrolioaren gaineko enbargoa %90ekoa izan zen, eta gasarena, berriz, mailakatua. Neurri horiek kontrako eragina izan dute, Errusiako energiaren sektoreko enpresa nagusiak poltsikoak betetzen ari baitira, eta hornitzaile alternatiboetan, bestalde, prezioen bat-bateko gorakada ekarri duen olde bat eragin du (Norvegia, Aljeria, AEB). Gauzak horrela, prezioak une batetik bestera igo izanak konpentsatu egiten du Errusiak Mendebaldera esportatutako gas zein petrolio bolumenen murrizketa. Petrolioarekin bakarrik, 2022an Moskuk batez beste 20.000 milioi dolar biltzen ditu hilean; 2021ean, berriz, 14.600 milioi dolar inguru ziren.

Errusia, likideziarik gabe geratzetik urrun, "diruaren gainean igeri egiten ari dela" ziurtatu du Elina Ribakovak, egoitza Washingtonen duen Nazioarteko Finantzen Institutuko ekonomialari nagusiaren laguntzaileak. Erakunde horrek "errubloaren erorketa" iragarri zuen otsailean, bai eta erreserben gaineko tentsioak eta, beharbada, "Errusiako finantza-sistemaren erabateko gainbehera" ere. Erregaien prezioak sutan jarri ahala, errubloak gerra aurreko maila berean kotizatzen zuen apiril amaieran (80 errublo dolar bakoitzeko), maximoak jo aurretik.

Bien bitartean, zigorren bumeran efektuak tentsio gorakorrak dakartza Europan. Italian edo Grezian ez bezala, interes tasa erosoekin masiboki zorpetzen ari dira Alemaniako industria salbatzeko. Horrek eta gasaren prezioari ezarritako mugak tentsioak sortzen ditu Eurogunean. 24 estatuk –Frantziakoak eta Espainiakoak, besteak beste – lagunduta, Europako potentziak beren hornitzaileei prezio jakin bat ezartzeko gai direla uste dute, batez ere estatubatuarrei.  "Ukrainako gatazka ez da AEBen nagusitasun ekonomikoarekin eta Europar Batasunaren ahultzearekin konpondu behar", adierazi zuen Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak Asanblea Nazionalaren aurrean. Bere aburuz, EBrentzat "onartezina" litzateke bazkide estatubatuarrek gas natural likidotua bere industria-enpresariei eskaintzen diena baino lau aldiz prezio altuagoan saltzea. Alemaniak, Danimarkak eta Herbehereek, aldiz, muga errefusatu dute, gas-egarri den Europako merkatutik fluxuak desbideratzeko beldurraren aurrean.

Erosle alternatiboak

Europak Errusiaren gas eta petrolio hornidura etetea erabaki izanak ez du esan nahi Mosku isolatuta geratu denik. Indiak Errusiako petrolioaren eskari handiak egin ditu, egunean milioi bat kupel inguru. AEBen aliatua den Saudi Arabia, berriz, Errusiarekin aliatu da Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen (OPEP) markoan, petrolioaren prezioa arautzeko ekimenaren aurka. Petrolio ekoizleen kartelak ekoizpena murriztea erabaki du Washingtonen muturren parean. Sam Osabak "ondorioak" egongo direla aurreratu du.

Mendebaldeko bloke inperialistak Errusiaren indar militarrarekin lehiatzeko gai izango diren kalteak eragin nahi ditu arerioaren ekonomian. Paradoxa honakoa da, ordea: zaila da Moskuren ekonomia gainontzeko guztiak hondoratu gabe hondoratzea, nazioarteko merkatuen egungo artikulazioa dela-eta.

Garapen bidean diren ekonomia kapitalistek ez dute EBren eta AEBen ikuspegi bera Errusiarekiko, izan ere, inportatzaile sutsuak izateaz gain, haiek dira ordainketa-balantzaren krisia jasateko arriskurik handiena dutenak, zigorrak luzaroan gogortzen badira. Mendebaldeko komunikabideek Errusia nazioartean isolatuta geratzen ari dela dioten arren, errealitatea oso bestelakoa da. Zigorren doktrinari men egin dioten herrialdeak gutxiengo bat dira nazioartean: AEB, EB, Erresuma Batua, Australia, Japonia eta Kanada. Gainontzeko herrialdeek uko egin diote Moskurekin harreman komertzialak eteteari.

Goseteak

Hori gutxi balitz, Moskuk zigorrak saihesteko mekanismoak asmatzen dihardu, Washingtonekin erabat lerrokatzen ez diren herrialdeen bidez. Errusia hermetikoki bakartzeko helburua, beraz, ilusio hutsa da gaur egun. Zentzu horretan, Jair Bolsonaro Brasilgo eskuin muturreko presidente ohiak adierazpen bitxiak egin ditu kargua utzi aurretik: "Ez dugu uste biderik onena aldebakarreko eta fokalizatutako zigorrak jartzea denik, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoak. Neurri horiek ekonomiaren susperraldiari kalte egin diote eta populazio ahulen giza eskubideak kaltetu dituzte, baita Europako herrialdeetan bertan ere".

Macky Sall Senegalgo presidenteak "elikadura-sektorea zigorren perimetrotik kanpo uzteko" eskatu zien Mendebaldeko potentziei. Eta ez da gutxiagorako, izatez, litekeena da Errusiaren aurkako enbargo komertzialak Afrikako elikadura-krisia areagotzea. Zentzu berean, "goseteen urakan berri bat" datorrela ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) arabera, hogei milioi afganiar inguru elikagaien segurtasun gabezia larriari aurre egin beharrean dira AEBen okupazio militarra amaitu eta talibanak boterera heldu zirenetik.

NO HAY COMENTARIOS