Iruñeko (Nafarroa) Erorien Monumentua markatu dute bart, hura eraistearen aldeko eta faxismoaren kontrako mezuekin. Margo gorria bota dute eraikin frankistan, zehazki bertako zutabe nagusietan, ate nagusian, hormetan eta eskaileratan. Horretaz gain, aldarri-mezuak idatzi dituzte paretetan: "Caídos eraitsi" eta "Faxismoaren aurka lehen lerrora", hain zuzen ere.
Larunbat honetarako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) faxismoaren eta gerraren kontra antolatu dituen manifestazioen leloarekin bat egiten du azken aldarri horrek: Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora! hartu du goiburu nagusitzat.
Joan den larunbatean bertan izan da mobilizazio jendetsu bat Iruñean, Erorien Monumentuaren eraisketaren alde. Izan ere, aurreko urtearen bukaeran aurkeztu zuten akordio bat PSN, EH Bildu eta Geroa Bai alderdiek, eraikin faxista eraitsi beharrean, hura mantentzeko eta "adieraberritzeko". Alderdien itunak haserrea sortu du elkarte memorialisten eta beste hamaika kolektiboren eta mugimenduren artean.
📹 Iruñean, Erorien Monumentu frankista markatu dute, hura eraistearen alde eta faxismoaren kontra.
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) January 22, 2025
Ekintzaren bidez, @GKSozialista|k larunbaterako antolatutako mobilizazioetara batzera deitu dute. Bilbon eta Iruñean izango dira manifestazioak, faxismoaren eta gerraren aurka. pic.twitter.com/folnzzFe1j