ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/06/16 10:38

Atzo izan zen Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistaren aurtengo jardunaldi nazionala, Legution (Araba). Laugarren urtez jarraian, ehunka pertsona bildu ziren hitzorduan, "emakume langileon askapen prozesuaren inguruan" hausnartzeko. Aurreko edizioetan bezala, emakume langileen borrokari lotutako hamaika auzi ukitu zituzten egunean zehar, hainbat saioren bidez.

11:00ak aldera hasi ziren atzoko hitzaldiak, eta, lehenengo, bi saio egin zituzten aldi berean: Klasea eta generoa aztergai. Feminismo marxistari kritika herriko frontoian, eta Itaia emakume langileon borrokarako tresna: sozialismoaren eraikuntza eta emakumeon politizazioa kiroldegian. Gero, eguerdian, hitzaldi bakarra izan zen kiroldegian bertan: Emakume langileon frontea estrategia komunistaren baitan: analisi historikotik proposamen gaurkotura.

Bazkaltzeko tartearen ostean, mahai-inguru nagusi batekin itxi zuten aurtengo hitzaldi-sorta: Kultura erreakzionarioaren gorakada eta emakume langileon egiteko politikoak. Iluntzean ekitaldi politiko bat egin zuten frontoian, eta palestinar erresistentziarekin elkartasunez atera zuten argazki bat bertan.

Egunari amaiera emateko, Gozzue eta Katu taldeen kontzertua izan zen frontoian, eta Salda Badago DJek girotu zuten gero gaua.

Prozesu Sozialistari bultzada

Iluntzeko ekitaldian, Itaiako kideek esan zuten "pozgarria" zela berriz ere ehunka lagun batu izana urteko jardunaldian. "Itaiatik, urte osoan zehar, lanean jardun dugu emakumeon zapalkuntzari aurre egiteko bide-orria osatzen, bai eta, borroka horien guztien bitartez, Prozesu Sozialista indartzen", azaldu zuten: "Eskerrik asko urte osoan zehar lanean aritu zareten guztiei. Urtez urte indarrak batzen ari garela ikusten ari gara eta bide horretan lanean jarraitu behar dugu".

"Emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza aldatu egin bada ere, oraindik zapalkuntza basatia jasaten dugu"

"Emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza aldatu egin bada ere, oraindik zapalkuntza basatia jasaten dugu; emakume langileok, desjabetuon erdia, subjektu zapaldua eta debaluatua baikara", seinalatu zuten. Hori dela-eta, nabarmendu zuten "mahai gainean" jarraitzen dutela "borrokatzeko arrazoiek", eta adibide modura aipatu zituzten "soldata miserableak, nagusien xantaiak, indarkeria sexuala, gure gorputzen merkantilizazioa, bazterketa soziala" eta abar. "Hori da emakume langileon errealitatea".

Faxismoari aurre

Arratsaldean izan zen mahai-inguruan azpimarratu zuten bezala, ekitaldi politikoan ohartarazi zuten, gainera, "gero eta zabalduago eta normalizatuago" dagoela "ideologia erreakzionario-matxista", eta "gero eta jende gehiagok ukatu" egiten duela "emakumeon aurkako diskriminazioa". "Matxismoaren ukapenak ideologia matxista bera indartu eta normalizatu besterik ez du egiten, emakumeok jasaten dugun diskriminazio eta indarkeria oro onartuz", salatu zuen Itaiak: "Gure eginbeharra da ideologia eta jarrera faxista horiei aurre egitea".

"Gero eta zabalduago eta normalizatuago dago ideologia erreakzionario-matxista [...]. Gure eginbeharra da ideologia eta jarrera faxista horiei aurre egitea"

"Ezker alderdiek botoen eta eskubideen bitartez egin nahi diete aurre faxistei. Nor engainatu nahi dute, ordea?", galdegin zuen. Gogorarazi zuen, Espainiako Estatuan, "ustezko gobernu aurrerakoiak behin eta berriro errepikatu" duela "emakumeon eta langileon aldeko legeak onartu dituztela", baina "hanka motza" duela "gezurrak": "Emakume langileon bizitzak ezer gutxi aldatu dituzte".

Eskuineko alderdien kasuan, "lege horiek erabili dituzte ezker gobernua deslegitimatzeko eta, bien bitartean, aurretik aipaturiko ideologia erreakzionario-matxista sustatzeko", Itaiak laburbildu duenez. Baina iritzi dio onartu diren lege gehienek "emakume langileok kriminalizatu eta pobretzen gaituztela", eta horren adibide direla zigor kodearen erreforma, Mozal Legea, gastu militarra handitzea, eta abar.

Politika feministen mugak

Emakumeon Antolakunde Sozialistaren ustez, azken urteetako politika feministek "agerian utzi" dute "instituzioek ez dutela emakume langileon askapena gauzatuko", "ezkerreko alderdien legeak eta eskubideak erdi-mailako klaseko emakumeei zuzenduta baitaude". "Lege horietatik kanpo gaude okerren gaudenak: esplotazio basatia jasaten dutenak, paperik ez dutenak, bazterketa soziala bizi dutenak, euren burua prostituziora behartuta ikusten dutenak, pertsonen salerosketa-sareetan harrapatuta daudenak eta abar", gaitzetsi du.

"[Subjektu interklasistak] emakume guztiak barnebildu nahi baditu ere, bizi-baldintzarik onenak dituztenen interesak bakarrik ordezkatzen dituzte"

Horrek guztiak "emakumearen subjektu interklasistaren tranpa" erakusten duelakoan dago: "[Subjektu interklasistak] emakume guztiak barnebildu nahi baditu ere, bizi-baldintzarik onenak dituztenen interesak bakarrik ordezkatzen dituzte".

Zapalkuntza modu oro gainditzea

"Guk sozialismoaren aldeko hautua egin dugu, emakume langileok askatzeko aukera bakarra iraultza sozialista delako", aldarrikatu zuen atzo Itaiak: "Esplotazioan eta zapalkuntzan oinarritutako gizarte kapitalistaren ordez, guk komunismoaren alde egin dugu, komunismoa zapalkuntza modu orotatiko askapena baita proletalgoarentzat".

"Esplotazioan eta zapalkuntzan oinarritutako gizarte kapitalistaren ordez, guk komunismoaren alde egin dugu, komunismoa zapalkuntza modu orotatiko askapena baita proletalgoarentzat"

Oroitarazi zuen "emakumeok gabe ez dagoela iraultza sozialistarik", eta "funtsezkoa" dela "emakumeok aktibo politiko izatea". "Itaiatik egunez egun horretan lanean dihardugu. Emakume langileon interesak lehen lerroan izanik, zapalkuntzaren modu ezberdinak ezabatzeko lanean ari gara: zaintza eta garbiketa sektoreetako langileen lan-baldintzen alde, eraso matxisten kontra, abortatu-eskubide unibertsalaren alde, makroerresidentzien negozioaren kontra eta abar", atera zuen mahaira.

"Borroka guztiek ekarpena egin behar diote sozialismoaren eraikuntzari, eta gero eta emakume gehiago borrokara batzeko bitarteko izan behar dira"

Itaiaren iritziz, borroka horiek guztiek "ekarpena egin behar diote sozialismoaren eraikuntzari", eta "bitarteko bat" izan behar dira "gero eta emakume gehiago borrokara batzeko" eta "emakumeon heziketa politikoan" urratsak egiteko. Gainera, Itaiaren esanetan, "jardun horiek guztiek, gaurdanik, langileriaren baitan etika berria eraikitzeko balio behar dute", "zapalkuntzaren eta indarkeriaren aurkako jarrera indartuz". "Norabide horretan lanean jarraituko dugu, balio askatzaileen alde egongo den gehiengoa eraikitzen", gaineratu zuen.

NO HAY COMENTARIOS