ACTUALIDAD / Violencia machista
Emakume bati eraso egin dio bikotekideak Barakaldon
20 urteko gizonezko batek bikotekidea kolpatu du bart goizaldean, eta lesioak egin dizkio aurpegian zein lepoan. Emakumeak berak deitu du larrialdi-zerbitzuetara, eta Ertzaintzak atxilo eraman du erasotzailea. Atzo beste eraso bat jazo zen, Donostian; urruntze agindua urratuta, bikotekideari eraso egin zion gizonezko batek, besteak beste, arma zuri bat erabilita. Bestalde, gaurkoa ez da azken egunotan Barakaldon salatu duten eraso bakarra.
2019eko azaroaren 12
Emakume bati eraso egin dio bikotekideak Barakaldon

Gaur, hilak 12, eraso baten berri eman dute hedabideek; asteko bigarrena gutxienez. Oraingoan, emakume bati eraso egin dio bikotekideak Barakaldon (Bizkaia). Goizaldeko 01:00ak aldera jazo dira gertakariak; emakumeak larrialdi-zerbitzuetara deitu du telefonoz, bikotekidea bera jotzen ari zela jakinarazteko.

Erasoa gertatu den etxebizitzara bertaratu dira ertzainak. Bertan zegoen emakumea, eta hainbat lesio zituen; tartean, hematomak lepoan edota kontusioak aurpegian. Patioan zegoen erasotzailea, eta atxilo eraman du Ertzaintzak. Gaur bertan zen epailearen aurretik pasatzekoa, ertzain-etxetik igaro ostean. 20 urte ditu.

Atzo, erasoa Donostian

Bestalde, atzo bertan jakinarazi zuen emakume batek bikotekideak erasotu zuela, Donostian (Gipuzkoa). Urruntze agindua urratu zuen gizonezkoak, eta emakumea jo eta zauritu zuen. Ubeldurak eta makatuak eragiteaz gain, ebakiak egin zizkion izterretan eta aurpegian, arma zuri bat erabilita.

Zenbaki beltzak Barakaldon ere

Gaurkoa ez da Barakaldon azken egunetan salatu duten eraso bakarra. Duela bost egun, emakume batek salatu zuen hiru gizonezkok droga eman eta sexu erasoa egin ziotela, taldean. Errentan hartuta zuten etxebizitzan gertatu zen; izan ere, erasotzaileetako birekin bizi zen emakumea.