Astelehen goizaldean, 02:15ak aldera, emakume bati eraso egin zion haren bikotekideak Donostian (Gipuzkoa). Urruntze agindua urratu eta emakumearengana jo zuen erasotzaileak; hala, kolpatu egin zuen eta arma zuri batekin zauritu zuen.
Erasotuak berak hots egin zien larrialdi-zerbitzuei, eta Ertzaintza bertaratu zen haren etxebizitzara. Ezkaratzean aurkitu zuten emakumea, ubelduz eta makatuz josita, eta ebakiekin. Aurpegian zein izterretan zituen ebakiak, hain zuzen. Donostiako ospitalera eraman zuten, artatua izan zedin.
Etxebizitzara igo zirenean topatu zuten ertzainek erasotzailea; lo zegoen. Odola zuen arropan. Unean bertan atxilotu zuten, eta epaileak atzo arratsaldean erabaki zuen espetxeratzea. Beraz, kartzelan dago gaur gaurkoz.