ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/09 09:58

Bizkaiko emakume bat erail dute adin txikiko bere mi semeek, Castro Urdialesen (Kantabria). Asteazken gauean aurkitu zuten hilik 48 urteko andrea, auto baten barruan, indarkeria zantzu garbiekin. Elkarrekin bizi ziren ama-semeak, eta etxean hil zuten 13 eta 15 urteko mutilek. Gero, gorpua autoan sartu eta alde egiten saiatu ziren, baina garajeko hormaren kontra jo zuten. Ihes egin zuten biek, kotxea han utzita, eta orduan aurkitu zuten hildako emakumea ibilgailu barruan, 21:00ak aldera.

Handik zenbait ordura topatu zituzten bi mutilak, goizaldeko 02:00ak aldera, parke batean. 13 urtekoari ezin zaio, legez, ezer leporatu: adingabeentzako zentro batera eraman dute. 15 urtekoa ere zentro batera mugitu dute, eta gutxienez sei hilabetez izango dute han, erregimen itxian. Santanderreko 5. Instrukzio Auzitegiak hartu du erabakia.

Erailketa matxista salatu du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Seinalatu du "etengabe" izaten direla "emakume langileon aurkako erasoak", "gure zaurgarritasun egoera baliatuta", baina horiek ez direla inola ere "gertakari isolatuak"; "emakumeok zapalduta mantentzen gaituen gizarte baten adierazpen muturrenekoak baizik". Itaiak, hala, beharrezkotzat jo du "indarkeria matxista gainditzeko antolakuntza politiko independentea indartzea eta norma kultural matxista borrokatuko duen jarduna lehen lerroan jartzea".

NO HAY COMENTARIOS