Aiaraldea-k jakinarazi duenez, Tubacexek Laudioko (Araba) lantokian Covid-19 birusaren kutsatzeari aurre egiteko segurtasun neurriak betetzen ez baditu, ekoizpena geldiaraziko dute beharginek. Oraingoz, enpresak ez ditu neurriok hartu, eta erantzun modura, langileek ekoizpena eten dute gaur fabrikako zenbait gunetan.
Zuzendaritzak, baina, azaldu du ez duela jarduna eteteko inolako asmorik. Gaur bildu da langile batzordearekin, eta lantokia zarratzeko eskaerari heldu beharrean, zuzendaritzako kideek langileei eskatu die "ezarritako protokoloak betetzea eta langileen segurtasuna arriskuan jarriko lukeen ekintzarik ez egitea".
Eskaera zehatzak
Aurrerantzean ere enpresak segurtasun eta babes neurriak hartzen ez baditu, planto egingo dute Laudioko beharginek. Hainbat eskaera zehatz egin dituzte birusaren hedapenaren harira, Tubacexek bete ditzan; esaterako, beharra dagoen lanpostuetan maskarak egotea, lanerako tresnen garbiketa bermatzea, edota langileen arteko gutxieneko distantzia mantendu ahal izatea.
Exijentziak betetzen ez badira, "geratzeko eskubide eta betebeharra" dutela diote langileek.
Iazko udan, bi langile erail zituzten Tubacexen Laudioko fabrikan; uztailean bata, eta irailean bestea.