ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/12 10:09

Hilabete baino gutxiago barru, ekainaren 7an, familia bat etxegabetzen saiatuko dira Hernanin (Gipuzkoa). Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuarekin antolatuta dago familia, eta otsailean kaleratzea behin-behinean geratzea lortu bazuten ere, behin betiko kaleratze-data jakinarazi diete berriki.

Etxegabetzea geratzera deitu du Etxebizitza Sindikatuak, eta ekainaren 7an, 09:30ean, Hernaniko Elkano kaleko 33. zenbakira bertaratzeko deia egin du. "Gaur-gaurkoz, ez dago inolako alternatibarik, antolatu eta borrokatu ezean kale gorrian geratuko dira", nabarmendu dute sindikatuko kideek.

Ordaindu ezinik

Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak otsailean eman zuen Hernaniko familia horren egoeraren berri. Gaur egun lau kide dira familian; tartean, bi haur. "Alokairuko titularra familiako aita zen, baliabide ekonomikoak zituen kide bakarra. Etxetik joan zenean eta alokairuaren prezioa ordaintzeari utzi zionean, udal laguntzarik gabe, alokairuaren prezio altuak ordaindu ezinik eta beste inora joan ezinik geratu zen familia", gogorarazi dute: "Etxean bizi diren pertsonen egoera guztiz zaurgarria bada ere, kontratuaren titularitatea eurena ez denez, etxegabetzeak aurrera jarraitzen du".

Udalaren konplize-jarrera

Hernaniko Udala (EH Bildu) "etxegabetzea gauzatzeko izaten ari den konplize-jarrera" salatu du Etxebizitza Sindikatuak: "Familiako kide bati errolda eta horrekin lortu daitezkeen laguntzak ukatu dizkiote, eta azken aste honetan eskaini zaion alternatiba bakarra hainbat hilabete iraungo lukeen balorazio-prozesu baten ondorioz iritsiko litzateke, iristekotan". "Jakin badakite otsailetik daudela etxegabetze-arriskuan eta, orain arte, beraien kabuz etxetik joatera bultzatu dituzte", gaineratu dute sindikatuko kideek.

"Udal instituzioetatik familiarentzat beste aukerarik ez dagoela diote, denok dakigunean Hernanin ehunka etxe huts ditugula, tartean, instituzioen jabetzakoak direnak", seinalatu dute: "Etxebizitza etekin ekonomikoa bermatzeko merkantzia da eta ordaindu ezin duena bertatik kanporatzen jarraituko dute".

"Azken batean, hori izaten ari da udalaren funtzioa: batetik, kapitalisten etekinak bermatzea, ordaindu ezin duten maizterrak kanporatuz eta hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzen direla ziurtatuz; eta bestetik, etxebizitza arazo politiko bilakatzen ez dela ziurtatzea, etxegabetuei miseriazko alternatibak eskainiz, zer edo zer eskaintzekotan", azaldu du Etxebizitza Sindikatuak.

NO HAY COMENTARIOS