ACTUALIDAD / Educación

Ehunka ikaslek egin dute protesta Angelun eta Baionan

Besteak beste, ratioak jaistea, azpiegitura zaharberritzea, euskaraz ikasteko eskubidea bermatzea eta ikasketa-ordutegiak arintzea aldarrikatu dute. 'Bosgarren Ekinaldia' da gaur, eta arratsaldean, Baionan, gehiengo intersindikala ari da protestan.
2026eko urriaren 13 - 17:09
Ehunka ikaslek egin dute protesta Angelun eta Baionan
— ARGAZKIA Euskal Irratiak

Gaurko, Frantziako Estatuko ikasleek Bosgarren Ekinaldia antolatu dute, hezkuntza-sistemaren gabeziak bistaratu eta ikas-baldintzen hobekuntza galdegiteko asmoz. Iraileko azken astean ekin zieten ikasleek protestei. Hori horrela, goizean zehar, ehunka ikaslek egin dute Angeluko (Lapurdi) Cantau ikastetxetik Baionara (Lapurdi) antolatutako manifestazioa. Bidean zehar, Bernat Etxepare lizeoko ikasleak batu zaizkie grebalariei, eta hainbat sindikatutako kideak ere bertan izan dira.

200 manifestari inguru izan dira hasieran, eta hiriburuko San Leon biribilgunean eserialdia egin dute ikasleek, trafikoa erabat etenaz. Bertan zirela, Etxepareko ikasleek eta unibertsitatekoek osaturiko zutabea batu da Cantaukoen manifestaziora, txalo artean. Hala, altxatu eta bideari ekin diote berriro ere. Mobilizazio osoan zehar, polizia-indarkeriaren aurkako oihu eta afixak ugariak izan dira. Izan ere, Poliziak hainbat furgoneta mugitu ditu ibilbidera, eta presentzia oso handia izan da. Are, grebalariak Baionako Louis de Foix ikastetxera heldu direnean, hainbat ikasle atxiki eta miatu ditu Poliziak.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2110004740184514886

Dena dela, arestian esan bezala, ikas-baldintzen eta hezkuntza-sistemaren hobekuntzak dira ikasle-protesten muina: ratioak jaistea, azpiegitura zaharberritzea, euskaraz ikasi eta lan egiteko eskubidea bermatzea eta ikasketa-ordutegiak arintzea. Horien guztien aldeko mezu eta oihuak nabari dira hiriguneko karriketan.

Hala, azken asteotan mobilizazio-zikloa piztu da Frantziako Estatuan barrena: ehunka milaka ikaslek eta langilek hartu dute parte hezkuntza-sistema hobetzeko protestetan, ehunka ikastetxe eta fakultate ixtera behartu dituzte, eta munduari bira eman diote Poliziaren indarkeria ageri duten irudiek. Hori dela eta, Frantziako Gobernuak hainbat neurri hartu behar izan ditu, behartuta: hala nola astebetez bigarren hezkuntzako lizeoak ixtea, edota 3.000 ordezko irakasle mobilizatzea. Ikasle-sindikatuek, ordea, hartutako neurriak "ogi-apurrak" besterik ez direla adierazi dute; eta, horregatik, gaurko borroka-eguna antolatu dute. Estatu osoan barrena, gutxienez, 200 ikastetxe itxi dituzte gaur.

Hori gutxi ez, eta bada kaleak hartzeko beste deialdirik. Batetik, gaur arratsalderako, gehiengo intersindikalak (CGT, CfDt, FSU, LAB, snFOlc, Éducation Sud, UNSa Éducation eta Fype) manifestazio batera deitu du arratsaldeko 17:30ean, Baionako Herriko Etxetik abiatuta. Bestetik, sare sozialetan bolo-bolo ari dira zabaltzen datorren larunbaterako deialdiak; bai estatuko iparraldeko hiriguneetan, bai Ipar Euskal Herrian ere. Orduantxe hasiko baita, hain zuzen, udazkeneko oporraldia.