ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/04/18 10:36

Nafarroako Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) antolatuta, atzo, apirilaren 17an, egin zituzten Nafarroako Topaketa Sozialistak. Egitasmoak 200 bat gazte batu zituen Garesen (Nafarroa), hitzaldi batek, bertso saio batek eta kontzertuek osatutako egunean.

Gazteak 10:30 aldera bertaratu ziren Garesko frontoi ingurura, aurtengo Nafarroako Topaketa Sozialistei hasiera emateko. Harreraren ondoren, eguneko hitzaldi nagusia izan zen 11:00etan. "Gazte esparruko erronka estrategikoen" inguruan hausnartu eta eztabaidatu zuten saio horretan, egungo testuinguruaren azterketatik abiatuta.

Goizeko bigarren atalari dagokionez, eguerdian ekin zioten bertso saioari Ainara Ieregik eta Ekain Alegrek, eta Beñat Astiz aritu zen gai-jartzaile. Osasun-etxearen alboan abestu zuten bertsolariek, Garesko zubi inguruan, hain zuzen.

Arratsaldean, aldiz, Urko Milagro kantautorearen emanaldia 16:00tan hasi zen, eta kantuz gozatu zuten bertaratutako gazteek. Kantaldia, bertso saioa bezala, Garesko osasun-etxe inguruan izan zen.

Topaketei amaiera emateko, kontzertuak izan ziren gero Zubiurrutia parkean, monastegiaren eta Arga ibaiaren artean. J Martinak eman zien hasiera kontzertuei; eta gero, Leizeak taldearen doinuek itxi zuten egun osorako prestatutako egitaraua.