EHUk dio "errespetua eta elkarbizitza" betearazteko protokolo bat egingo duela, eskuin muturraren markoa erosiz
Voxen agerraldia EHUko Arabako campusean, joan den otsailean.

"Unibertsitate-komunitatean errespetua eta bizikidetza" bultzatzeko protokolo bat prestatuko duela esan du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoretzak. "Uste dugu gure unibertsitatean daukagun giro orokorra positiboa dela, harreman baikorretan oinarritzen dena, errespetuan", zioen Joxerramon Bengoetxea errektoreak kameren aurrean. "Salbuespen batzuk" omen daude, ordea, eta horri aurre egiteko "neurri egokienak" erabaki nahi omen dituzte orain, prozesu "parte-hartzaile" baten bidez. Bengoetxeak ez du zehaztapen handiegirik egin nahi izan, baina testuinguru oso zehatz batean egin du protokoloaren iragarpena: Voxek Arabako campusean egindako agerraldi baten aurka ehunka ikasle mobilizatu ostean, hainbat irakaslek ikasle-mugimenduaren aurkako neurri gogorragoak eskatu ostean, eta hainbat komunikabidek eta ordezkari politikok mugimendu hori seinalatu ostean.

"Bitartekaritza eta ikuspegi berrezartzailea" izango omen ditu oinarritzat protokoloak, eta "gatazkak kudeatzea, kalteak konpontzea eta ikaskuntza kolektiboa sustatzea" bilatuko omen du, EITBk jaso duenez. "Ondare publikoaren garrantziari buruzko sentsibilizazio-kanpaina" bat ere jarriko omen du martxan EHUk, eta "espazio publikoaren eta propagandaren kudeaketarako oinarrizko arauak" lantzen ari omen dira. Ikusteke dago zein neurri zehaztuko dituzten protokoloan, baina momentuz emandako informazioarekin, badirudi ikasleen lan eta propaganda politikoa hartu dituztela jomugan. 

Testuingurua: ikasle-mugimenduaren kontrako kriminalizazioa

Otsailaren 23an ehunka ikasle mobilizatu ziren Gasteizko campusean, agerraldi bat egin baitzuen bertan Vox alderdi faxistak. Horren ondoren, artikulu bat argitaratu zuten Vocenton unibertsitateko hainbat irakasle eta errektoreordek: ikasle-mugimendua kriminalizatzeaz gain, EHUri leporatzen zioten "ostrukaren politika" egitea. Unibertsitateko ustezko "talde erradikal" batzuei leporatzen zieten "elkarbizitza demokratikoa" urratzea eta "margoketak" egitea nahiz "kartel erasokorrak" ipintzea, antolatutako ikasleei erreferentzia eginez; eta unibertsitateari egozten zioten haiekin "toleranteak" izatea. Bistan da, beraz, ikasle-mugimenduaren aurkako neurri gogorragoak eta errepresioa galdegiten zituztela irakasle horiek, eta badirudi marko hori erosiko duela errektoretzak.

Artikulu horrek jasotzen zituen beste ideia batzuei erreparatuz gero, baina, argiago ikus daitezke irakasle horien jarrera politikoaren nondik norakoak. Voxek Gasteizen egindako prentsaurrekoa "legezkoa den alderdi politiko baten" agerraldi bat izan zela eta horretarako "baimena" zutela azpimarratzen zuten, eta defendatzen zuten "elkarbizitza demokratikoa" arriskuan jar zezakeena ez zela alderdi faxistaren ekimena, baizik eta hura salatzeko hainbat antolakundek deitutako protesta antifaxista. Horregatik kritikatzen zuten, hain zuzen ere, EHUk otsailaren 23ko klaseak bertan behera uztea erabaki izana. 

Ikasle-mugimendua eta 100 irakasle eta ikerlari, kriminalizazioaren aurka

Komunikabideek eta hainbat ordezkari jeltzalek indartu zuten ikasle-mugimenduaren aurkako kriminalizazio-kanpaina, eta horri erantzunez, EHUko ikasle andanak egin zuten agerraldi jendetsu bat martxoaren 10ean. Unibertsitatean pentsamendu kritikoa eta eskubide politikoak babestu behar direla aldarrikatu zuten, baita "eskubideak ukatzean oinarritzen den faxismoak unibertsitatetik kanpo egon behar duela" ere. Aldarrikapen horri eutsiz, idatzi bat egin dute berriki bi ikaslek, eta EHUko 100 irakaslek eta ikerlarik babestu dute adierazpena.