Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikasle andanak agerraldi bat egin du gaur Gasteizko (Araba) campusean, ikasle-mugimenduaren kontra azken asteetan indartu den kriminalizazio-kanpaina salatzeko. Vox alderdi faxistak otsailaren 23an Gasteizko campusean bertan egin zuen agerraldian ehunka ikasle mobilizatu ziren faxismoaren aurka, eta gaurko prentsaurrekoan salatu dutenez, horren aitzakiapean kriminalizatu zuten ikasle-mugimendua EAJk eta eskuineko hamaika komunikabidek. Gasteizko sarraskiaren 50. urteurrenaren bezperan campusean irekitako "ke-pote bat" ere hartu zuten aitzakiatzat antolatutako ikasleria seinalatzeko; eta urteurren-egunean izan ziren mobilizazioen ostean ere aritu ziren intoxikazio-lanetan Vocento bezalako taldeak, Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) jopuntuan hartuz nagusiki.
Hori gutxi balitz, EHUko 40 irakaslek gutun bat argitaratu dute berriki, "zeinak, gezurrez eta gehiegikeriaz beteta egoteaz gain, eskuin muturraren markoa indartzen duen", ikasleen esanetan. "Alde batetik, irakasleen artikulu horri nahiz EAJ sortzen ari den markoari erantzun nahi genieke, eta, bestetik, sektore horietatik inposatu nahi diguten unibertsitate-eredu autoritarioaren aurrean, unibertsitatean eskubide politikoak eta pentsamendu kritikoa babestu behar direla aldarrikatu nahi genuke".
Asmatutako eskandaluak eta 'buloak' komunikabideetan
"Voxen agerraldiaren harira hasi zen kriminalizazio-kanpaina, istiluak egongo zirela esan baitzuten hainbat komunikabidek eta politikarik, istiluak egotea interesatzen zitzaien bakarrak beraiek zirenean", ekarri dute gogora ikasleek: "Kontrara, ehunka ikasle arazorik gabe mobilizatu ginen, probokazio oro gaindituta". Eta honela jarraitu dute gertakarien azalpenarekin: "Istilurik egon ez zenez, ondorengo astean, Martxoaren 3aren 50. urtemugaren bezperan, Gasteizko unibertsitatean egindako ekintza informatibo batetik eskandalu bat sortzen ahalegindu ziren; eta ondoren, Martxoaren 3an ere istilurik egon ez zenez, kuota kriminalizatzailea asmatutako albisteekin betetzen ahalegindu ziren".
Vocento taldeko El Correo aipatu dute adibide modura. Egunkari horretan, "ikastetxe batean IASeko militanteek eskuorriak banatu izana kriminalizatzen saiatu" ziren artikulu baten bidez. Horrekin aski ez, eta IASeko militanteak bizikletarekin unibertsitate inguruak patruilatzen ibiltzen direla esaten zen El Correo-ren beste "albiste" batean.
Erantzuna EHUko hainbat irakasleren gutunari
Ikasle-mugimenduaren aurkako kriminalizazio-kanpainara batuz, EHUko 40 irakaslek gutun bat kaleratu zuten, "adierazpen-askatasunaren izenean, unibertsitatean ideia faxistak, ideia zapaltzaileak, zabaltzea defendatuz". Ikasleek gaurkoan salatu dutenez, idatzi horretan, "totalismoaren aurka, campusa poliziaz betetzea justifikatu zuten eta elkarbizitzaren izenean ehunka ikasleren kanporaketa exijitu zuten". "Horixe da irakasle horien diskurtsoaren atzean dagoena: autoritarismoa eta militantziaren aurkako gorrotoa", laburbildu dute gazteek.
Gutuna sinatu zuen irakasleetako bat harago ere joan zen, gainera. "Ondorengoa defendatu zuen: unibertsitate antifaxista bat antidemokratikoa dela, unibertsitate antisionista bat antisemita dela, eta unibertsitate euskaltzalea baztertzailea dela", azaldu dute ikasleek: "Orain badirudi antifaxista, genozidioaren aurkakoa edo euskararen eskubideen aldekoa izatea intolerantea eta baztertzailea dela".
"Unibertsitateek gune askeak izan behar dute"
Aipatutako kritikekin batera, unibertsitatean babestu beharko liratekeen oinarrien inguruan ere jardun dute ikasleek prentsaurrekoan, hiru ideia nabarmenduz: "Batetik, ikasle-mugimenduaren aurkako kriminalizazioarekin amaitzea exijitzen dugu. Bestetik, unibertsitatean pentsamendu kritikoa babestu eta eskubide politikoak defendatu behar ditugu: propaganda-eskubidea, greba-eskubidea... Eskubide horiek gabe autoritarismoa eta prekaritatea nagusituko lirateke. Amaitzeko, unibertsitateek gune askeak izan behar dute, eztabaidarako eta pentsamendu kritikoaren garapenerako espazioak". Horretarako, ezinbestekotzat jo dute "gorroto-ideologiak ezabatzea", eta defendatu dute unibertsitatetik kanpo egon behar duela "gehiengoen eskubideak ukatzean oinarritzen den faxismoak". Unibertsitate-komunitateko kide orori dei egin diote, hala, gaurko adierazpena babestera eta "norabide horretan ekarpena egitera".