ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/17 14:56

Akordio batera heldu dira EAJ, PSE-EE eta EH Bildu, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2025ean izango dituzten aurrekontuei dagokienez: EH Bildu abstenitu egingo da bozketan, PSE-EE eta jeltzaleek bultzatutako plangintza ekonomikoa onar dadin. Bizkaian halako zerbait gertatzen den aurreneko aldia da.

EH Bilduren oniritziaren truke, hark egindako emendakin batzuk onartu dituzte EAJk eta PSE-EEk, 33 milioi euroko balioa dutenak. Hasieran horren hirukoitza exijitu zuen EH Bilduk bere onespena emateko, eta aurrekontu-proposamena gogor kritikatzearen plantak egin zituen. Azkenean, baina, osoko zuzenketa atzera bota eta Bizkaiko gobernuan buru diren bi alderdiei egindako eskaerak nabarmen murriztu dituzte EH Bilduko kargudunek, eta nahikoa izan da aurrez exijitutako emendakinen balioaren herena betetzearekin.

Akordiotik kanpo Gipuzkoa eta EAE mailan, baina jeltzaleen eta PSE-EEren eskutik Araban eta Bizkaian

EH Bilduk esan izan du "ikuspegi global" batekin helduko ziela aurrekontuei buruzko elkarrizketei, eta EAEko hiru aldundietan negoziazio bateratuei ekitea atera zuen mahaira. Errealitatean, ordea, nabarmena izan da jarrera kontraesankorra. Akordioetatik kanpo geratu da Gipuzkoan eta EAEko aurrekontu orokorretan, ez baititu plangintzak adostu gobernuburuekin, baina bestela jokatu du Bizkaian eta Araban: bigarren horretan ere argi berdea eman dio EAJren eta PSE-EEren proposamenari.

Leku bakoitzean edukitako jarrera desberdin hori justifikatzeko, alderdi abertzaleak esan du ez dela "posible izan" hiru aldundiei begirako negoziazio bateratu bat egitea, eta, horren aurrean, "eraldaketa sozialerako antzeko planteamenduak eraman" dituztela instituzio bakoitzera. Lehentasuntzat jo omen ditu etxebizitza, zaintza edota mugikortasuna.

Bizkaiko aurrekontuen negoziazioan, esaterako, jeltzaleek eta PSE-EEk onartu dizkieten emendakinen artean daude ustez etxebizitzara eta gazteen emantzipaziora bideratutako 2 milioi euro; "zaintza-sistema komunitarioan" gastatzeko 10 milioi euro; lehen sektorean, trantsizio energetikoan eta abar inbertitutako 5 milioi euro; garraio publikorako 15 milioi euro, eta ondare industrialari begirako milioi bat euro. Araban, bestalde, 10,5 milioi euroko emendakin batzuen truke onartu du aurrekontu-proposamena EH Bilduk, eta diru hori landa-eremuetan etxeak eraikitzera bideratuko da nagusiki.

EH Bildu, pozik

EH Bilduk ospatu egin du Bizkaian erdietsitako ituna, eta eskerrak eman dizkio foru-gobernuari, "akordiorako prestutasunagatik". Alderdiak Eusko Legebiltzarrean duen eledunak, Pello Otxandianok, hala adierazi du, fokua EAJren eta PSE-EEren jarrera-aldaketa batean jarrita: "Lehen aldiz Bizkaiko Aldundiak borondate erreala izan du EH Bildurekin aurrekontuak negoziatzeko eta akordio batera iritsi gara".

NO HAY COMENTARIOS