E-mail helbide bat martxan jarri berri du Gerizpek, Tolosaldeko (Gipuzkoa) Emakume Langileon Defentsa Taldeak. Gaur argitaratutako adierazpen baten bidez, Covid-19 birusaren hedapenak eragindako testuingurua aztertu eta e-mailaren funtzioak zehaztu dituzte Gerizpeko kideek. Bertan, bizi dugun krisialdia sistema kapitalistaren baitan kokatu dute, eta berekin etorri den "langileon aurkako ofentsiba zuzena" salatu dute. Ez direla "etxean isilpean eta isolaturik" geldituko adierazi dute; "gure azalean jasaten ari garen eraso bakoitza salatzea dagokigu".
Emakume langilea, bereziki kolpatua
Koronabirusaren kutsatzeak sortutako krisialdiarekin, emakume langileek "bizi baldintzen okertzea oraindik eta modu lazgarriagoan" jasango dutela ohartarazi dute defentsa taldeko kideek. Hiru aspektu ezberdin aipatu dituzte, hala, baieztapen hori argudiatzeko.
Batetik, azpimarratu dute emakume langileak direla "baldintza okerrenak dituzten lanak" egiten dituztenak, orokorrean. Bereziki, Tolosaldean azken egunotan ematen ari den kasu bat ekarri dute gogora: "Iurramendi egoitzan langile eta egoiliarrak bizitzen ari diren egoera lazgarria". "Garbitzaile enpresetako langileak, zaharren zaintzaz arduratzen direnak eta egoiliar lanetan ari direnak" edota "positibo eman duten gaixoak inongo segurtasun baliabiderik gabe" zaintzen ari direnak ere aipatu dituzte.
Bestetik, "bai konfinamendu garaian bai atzeraldi ekonomikoan, indarkeria testuinguruak" areagotu egingo direla aurreikusi dute, "horrek ondorio krudelenak eraginez emakume langileongan".
Azkenik, familia unitateetan emakume langileak izaten duen lan-kargari erreparatu diote Gerizpeko kideek, "familia osoaren erreprodukziorako ia jarduera guztiak" bere gain hartzen baititu.
E-mailaren funtzioak
Momentuz, "egunez egun emakume langile izateagatik jasaten ditugun zapalkuntza zehatzak jakinarazteko eta salatzeko", e-mail helbide bat jarri dute abian: gerizpeharremanak@gmail.com.
Helburu hauek bete nahi dituzte salaketarako e-mail horrekin:
Azken egunetan, eraso matxista ugari
Hainbat eraso matxista salatu dituzte azken egunetan Euskal Herrian. GEDAR LANGILE KAZETAn jasotako azkena, atzo Gasteizen (Araba) gertaturikoa. Asteburuan ere, bi eraso salatu zituzten gutxienez; bata Galdakaon (Bizkaia), eta bestea Gasteizen.