ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/10 11:15

Donostiako (Gipuzkoa) Errotaburun gaur goizerako zegoen ezarrita familia baten etxegabetzea. Horiek horrela, desalojoari aurre egitera deitu zuen Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: 08:30erako jarri zuen hitzordua Louis Bonaparte plazan, eta goizean goizetik elkarretaratu dira bertan hainbat pertsona, etxe-kaleratzea gelditzeko asmoz. Eta lortu dute: 09:30ak alderako bertaratu da segizio judiziala, Ertzaintzak lagunduta, baina mobilizatu den jendea ikusita, etxegabetzea bertan behera uztea erabaki du.

"Hau antolakuntza eta borrokari esker lortu dugu; elkartasun antolatuari esker", adierazi dute sindikatuko kideek. Blancak, gaur etxegabetua izan behar zuen andreak, pozez hitz egin du: "Gaur egun oso zaila izan behar zuen; egun oso konplikatua, oso tristea. Baina zuei esker, egunik zoriontsuena izango da. Lortu dugu". Dei egin die "egoera berdina bizitzen ari diren guztiei" etxegabetzeen aurka antolatzera eta batzera: "Ahaleginak batuz oso positiboa den zerbait lortuko dugu. Batasunak egiten du indarra".

Gaurkoan, Blanca eta bere bi alabak kanporatu nahi zituzten euren etxetik, gaur egun hipoteka ordaindu ezin dutelako. Banketxeak higiezin-enpresa bati saldu zion etxebizitza, eta jabe partikular batek erosi zuen gero. "Kasu honetan, oso argi ikusten da nola funtzionatzen duen etxebizitzaren negozioak: hipoteka ordaindu ezin, eta hor sartu ziren espekulatzaileak zorra erostera", salatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Ohartarazi du, gaur etxegabetzea geratzea lortu duten arren, beste desalojo-agindu bat etor daitekeela aurrerago. Hortaz, hurrengo deialdietara adi egoteko eskatu du.

Etxegabetze oro eten dezatela exijitu du berriz, etxe-kaleratze guztien aurka antolatzera eta borroka egitera deitzeaz gain: "Etxebizitza-krisi bat dagoela diote politikariek, baina ez dituzte etxegabetzeak bertan behera uzten, eurentzat beti gailentzen delako etekina beharren gainetik".

NO HAY COMENTARIOS