Joan den asteburuan ere, hauteskunde-propaganda egiten jardun dute Voxeko faxistek. Algortan (Bizkaia), Arrasaten (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Tolosan (Gipuzkoa), esaterako, hainbat hitzordu zituzten jarrita propaganda-lanetarako, baina denetan egin diete aurre faxistei hainbat eta hainbat lagunek. Azpeitian, hala, Voxekoek alde egitea lortu zuten atzo protesta baten bidez; eta Tolosan, berriz, ez ziren jarritako hitzordura agertu. Algortan, bestalde, faxisten kontra protesta egiten ari zirenen kontra oldartu zen Ertzaintza, eta zenbait pertsona zauritu zituen.
Itxura denez, bihar Donostian (Gipuzkoa) izango dira Voxekoak. Han ere faxisten kontra mobilizatzera deitu dute, Faxismoaren gorakada gelditu lelopean. Arratsaldeko 18:00etan Cervantes Plazan biltzeko deialdia egin dute.
"Faxismoa oldarraldi betean dago, eta askotarikoak dira gure egunerokoan esku hartzeko dituen formak eta egitura politikoak. Horietako bat Vox alderdia da", seinalatu dute biharko protestaren antolatzaileek. "Hauteskunde-kanpainan zehar alderdi faxista horri aukera ematen zaio ideia erreakzionarioak eta zapaltzaileak nahieran zabaldu ditzan, Arrasaten, Azpeitian eta Tolosan Poliziaren babesean egin berri dituen agerraldietan ikusi ahal izan den bezala", azaldu dute.
Ohartarazi dute, gainera, ez dela posible "faxismoari instituzioen bidez aurre egitea", eta horren adibide dela "alderdi faxistek askatasun osoz har dezaketela parte hauteskundeetan". Are: hauteskundeetan "sortutako testuinguruaz" baliatzen dira faxistak, "euren programa politikoa zein kultura zabaltzeko". Biharko deialdia egin dutenek, beraz, beharrezkotzat jo dute "faxismoaren forma orori aurre egitea, "bere jarduna eta ideologia ez daitezen gizartean normalizatu".