ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/08/28 12:16

Filtro arrazistak aplikatuz sarrera edo arreta ukatzea errealitate bat da Euskal Herrian. Donostiako (Gipuzkoa) Harrera Sareak jakinarazi du, esaterako, Gipuzkoako hiriburuko hainbat tabernatan "arrazoirik gabe" debekatu dietela sartzea "pertsona arabiarrei eta arrazializatuei". Jokabide arrazistak izan dituzten zenbait ostatu aipatu dituzte berriki: Gros auzoko The Caledonian eta Gaztelu Txiki, Alde Zaharreko Sariketa eta Loretxu, Egiako El Anden eta abar.

Abuztuaren 7an izan ziren, hain justu, Gaztelu Txikiko azken gertakariak. Bertara joan ziren Harrera Sareko bi kide eta jatorri marokoarreko bi gazte, baina tabernako zerbitzariak uko egin zion haiei arreta emateari. 

Egiako El Anden tabernan, berriz, aurreko asteburuan izan zuten diskriminazio kasu baten berri. Ohiko bi bezerori (jatorri algeriarrekoak dira) 10 euro ordaintzea eskatu zieten segurtasun-indarrek, gainerako guztiei soilik 5 euro eskatu arren. Azkenean, biek ordaintzeko prestutasuna erakutsi arren, zuzenean sarrera ukatu zieten seguratek, azalpenik eman gabe.

Sarrera ukatzea eta segurtasun-indarren oldartzea Alde Zaharrean

Alde Zaharreko gertakaririk larrienak iazko abendukoak dira, baina berriz ekarri ditu gogora Harrera Sareak. Izan ere, abenduaren 21eko gauean, gazte migrante bati bortizki eraso zion Loretxuko segurtasun-indarretako agente batek. Gazteari ukatu egin zioten Sariketa tabernara sartzea, eta horren arrazoien inguruan galdetzean jo zuen bere aurka Loretxuko segurata batek: ukabilkada bat eman zion, biktimari konbultsioa eraginez eta konorterik gabe utziz.

Segurtasun-indarretako agenteek korderik gabe laga zuten mutila, eta kalean zegoen jendeak lagundu behar izan zion. Harrera Sarearen esanetan, hilabete eskas lehenago, antzeko eraso bat jasan zuen pertsona batek Alde Zaharreko beste ostatu batean.

NO HAY COMENTARIOS