ACTUALIDAD / Ola reaccionaria

"Auzo-patruilen" deialdi arrazistaren kontra mobilizatuko dira Irunen

"Auzo-patruilen" Whatsapp taldean "nazionalitate jakin batzuen aurkako irainak" eta "migranteen aurkako indarkeria erabiltzeko deiak" etengabeak direla salatu dute. Ostiral honetan Irun "garbi eta seguru" bat aldarrikatzera deitu du ekimen erreakzionario horrek, baina kontramobilizazio bat antolatu dute herriko hainbat mugimenduk, arrazakeriari eta faxismoari ezetz esanez.
2026eko irailaren 28 - 06:55
"Auzo-patruilen" deialdi arrazistaren kontra mobilizatuko dira Irunen

"Iazko maiatzean agertu ziren Whatsapp talde batekin. Gauez auzotik 'paseoak' emateko sortu omen ziren. Haien irudi publikoa asko zaintzen dute [...], errepikatzen dute haiek ez direla ez ezkerrekoak ez eskuinekoak, segurtasuna axola zaiela. Ez dela nazionalitate eta arraza kontu bat, segurtasuna baizik. Alabaina, egunero-egunero haien Whatsappean ikus dezakegu maskara publiko hori gezurrezkoa dela".  Irungo "auzo-patruilak" deiturikoez modu horretan ohartarazi dute herriko hainbat mugimenduk, agerraldi bat eginez. Izan ere, azaldu dute patruila horien Whatsapp taldean etengabeak direla "nazionalitate jakin batzuen aurkako irainak; migranteen deshumanizazioa; pertsona arrazializatuen argazkiak partekatzea eta seinalatzea existitze hutsagatik; migranteen aurkako indarkeria erabiltzeko deiak eta herio-mehatxuak; kale-egoeran dauden pertsonen aurkako gorrotoa; memeak; Vox, Núcleo Nacional, SALF, Lo Que No Te Cuentan De Donosti edo Frente Obrero bezalako talde faxisten aldeko mezuak", eta abar.

Argipen horiek egiteko beharra ikusi dute Irungo zenbait herri-mugimenduk, ikusita "auzo-patruilek" mobilizazio-deialdi bat egin dutela Irunen ostiral honetarako, urriaren 2rako. Irun "garbi eta seguru" bat erreibindikatu nahi dute martxa baten bidez, baina ekimena "mehatxu politikotzat" joz, arrazakeriaren eta faxismoaren aurka mobilizatzera deitu dute prentsaurrekoan: kontramanifestazio bat antolatu dute Ez nahastu etsaiz lelopean, 17:45ean Alberto Anguera plazan elkarretaratzera deituz. "Premiazkoa da patrullas ciudadanas bezalako talde arrazistei kalean aurre egitea. Irun harrera herria da, eta hamarkadatan Euskal Herriko eta Espainiako milaka migranteren etxe izan den bezala, ateak zabalik ditu beste lurraldeetako migranteentzat, kultura aniztasunarentzat", aldarrikatu dute deitzaileek.

Jakinarazi dute auzo-patruilak, "kanpora begira euren irudia zuritzen ahalegindu arren, arrazakeria eta gorrotoa zabaltzeko lan egiten duten pertsonek gidatutako talde" bat direla, "balizko segurtasun-ezaren setarekin, ultraeskuinarentzat mesedegarri den klima soziala elikatzeko akuilu-lana egiten dutelako". Eta gaineratu dute: "Migranteen aurkako beldurra sortuz eta estatuko indar-polizialen plantilla eta autoritarismoa indartzeko galdeginez, ultraeskuinaren agenda inposatzeko dibulgazio-funtzioa betetzen dute. [...] Polizia gehiago kontratatzeko eskaria estatuaren autoritarismoan eta kontrol sozialean sakontzeko eskaria da. Era berean, 'segurtasuna' eta 'delikuentzia' marko kontzeptual sesgatu eta tranpatia da. 'Delinkuentzia' aspalditik deitu zaie kapitalismoak eragiten dituen pobreziaren eta miseria egoeraren sintomei".

Horiek horrela, arrazakeriaren eta faxismoaren aurka mobilizatzeko premia azpimarratu dute, ostiraleko hitzordua gorriz markatuz: "Gorakada erreakzionarioa eta ultraeskuina arazo larria dira Irunen eta premiazkoa zaigu horri aurre egitea".