ACTUALIDAD / Palestina

Dana Blankstein Cohen Zinemalditik kanporatu dezatela eskatu du BDZk

Zinemaldiko epaimahaiaren parte da Jerusalemgo Sam Spiegel Zinema Eskolako zuzendaria, BDZk salatu duenez. Manifestazio batera deitu du larunbat honetarako.
2026eko irailaren 21 - 07:51
Dana Blankstein Cohen Zinemalditik kanporatu dezatela eskatu du BDZk
Dana Blankstein, ezkerreko aldean, Netflixeko Ted Sarandosekin. — ARGAZKIA Times of Israel

Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioa izaten ari da egun hauetan, eta Euskal Herriko beste hamaika ekimenetan gertatzen den bezala, presente dago sionismoa. Izan ere, Zinemaldiaren aurtengo epaimahaiaren parte da Dana Blankstein, Jerusalemgo Sam Spiegel Zinema Eskolako zuzendaria. BDZ mugimenduak jakinarazi duenez, "erakunde konplize" bat da eskola hori, eta, Blanksteinen zuzendaritzapean, "are gehiago sakondu du bere konplizitatea". Bada hamarkada bat Zinemaldiak eta Jerusalemgo eskolak eskutik jarduten dutela.

"1989an sortu zuten Israelgo Hezkuntza eta Kultura Ministerioak eta Jerusalem Fundazioak, eta Israelgo Gobernu genozida eta eskuin muturrekoaren finantzaketa zuzena jasotzen du", BDZren arabera. Horiek horrela, Blankstein Zinemalditik kanpora dezatela eskatu du. Eskolak "Jerusalem Fundazioarekin lankidetzan jarraitzen du", kolektiboaren esanetan, eta "fundazio hori konplize da Israelgo okupazio ilegalean eta palestinarren garbiketa etnikoan Ekialdeko Jerusalemen". Gainera, "Jerusalemgo Garapen Agintaritzarekin (JDA) du harremana, eta erakunde horrek funtsezko eginkizuna du Israelen kokaleku ilegalen hedapenean".

Blankstein jada Zinema Eskolako zuzendari zela, 2020an, "lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Abu Dhabiko Zinema Batzordearekin". Itun hori "Abrahamen Akordioen esparruko normalizazio-ekintzatzat" jo zuten ahots ugarik, eta, besteak beste, "70etik gora zinemagile palestinarrek gaitzetsi zuten" manifestu baten bidez. "Bizikidetza eta ikasle israeldar eta palestinarren arteko sormen-elkarteen diskurtso ez-etikoa sustatzen ditu" Blanksteinek, BDZren arabera, eta ohartarazi du "kontakizun horrek Gazako milioika palestinarren aurkako Israelen genozidioa zuritzeko eta Israelen okupazio ilegalaren eta apartheid erregimenaren errealitatea ezkutatzeko balio duela".

Eskaerak Zinemaldiari

BDZtik hainbat eskaera egin dizkiote Zinemaldiari: "Dana Blankstein Cohen epaimahaikide gisa berehala kanporatzea"; "Israelen okupazio ilegalaren, apartheidaren edo genozidioaren erregimeneko erakunde konplizeei plataformarik ez ematea", eta "programazio eta babesle politika etiko bat hartzea giza-eskubideen urraketa larriak egiten, sustatzen edo zuritzen dituztenei plataforma ematea saihesteko". Horrekin batera, manifestazio bat antolatu dute irailaren 26rako, larunbaterako: 18:00etan abiatuko da Sagüestik.