Aeronautika sektoreko Alestis enpresak langileen %46 kaleratuko ditu, Berria-k jakinarazi duenez. Miñaon (Araba) parke teknologiko bat du Alestisek, eta bertan, 87 behargin izango lirateke kanporatuak. Espainiako Estatuko lantegi guztiei eragingo die neurri berriak, eta aurki hasiko dituzte enplegu erregulazioari buruzko negoziazioak. Enpresaren erabakiz, ordea, estatu mailan gauzatuko dituzte elkarrizketa horiek.
Une honetan, aldi baterako lan-erregulazio baten eraginpean daude beharginak. Gainera, neurri berria opor garaian, abuztuaren 25ean, jakinarazi izana salatu dute.
Kaleratzeak bidezkotzeko, enpresak adierazi du eskaera asko gibelatu edo bertan behera utziko dituztela aire lineek, aire trafikoaren gutxitzea dela eta. Fabrikatzaile nagusien ekoizpenak %45 behera egin duela dio, eta horrek sektoreko ekoizpen kate osoari eragin diola.
Urtarrilean protestak egin zituzten beharginek, langile baten kaleratze "diziplinarioa" salatzeko. 2019an, aldiz, 40 langile karrikaratu zituen enpresak.
KALERATZE MASIBOAK AERONAUTIKAN
Azken hilabeteetan hainbat eta hainbat izan dira aeronautika sektorean kaleratze masiboak iragarri dituzten enpresak; hala nola, Berantevillan (Araba) lantoki bat duen Aernnovak edota Bizkaian lau fabrika dituen ITP Aerok.