ITP Aero enpresak 600 langile kaleratuko ditu guztira

Euskal Herrian 2.000 behargin daude soldatapeko lanean ITP Aero enpresan. Kaleratze globalen proportzioa mantenduko balitz, Bizkaiko lau lantegietatik 300 pertsona kanporatuko lituzkete.
Argazki Nagusia
ITP Aero enpresaren Zamudioko lantegia.
2020ko uztailaren 24a

ITP Aero enpresan 4.000 langilek jarduten dute guztira, eta horietako 2.000 beharginek Euskal Herriko lantegietan egiten dute lan. COVID-19ak sortutako agertokia argudiotzat hartuta, enpresak langileen %15 kaleratuko dituela adierazi du, hau da, 600 pertsona.

Ehuneko hori mantenduko balitz, Euskal Herrian enpresak Zamudion (Bizkaia), Barakaldon (Bizkaia), Sestaon (Bizkaia) eta Derion (Bizkaia) dituen lantokietatik 300 langile kaleratuko lituzke.

Etengabeko kaleratzeak

Uztailaren hasieran Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesa eta Aguraingo (Araba) Sapem lantegiak itxiko zituztela jakinarazi zuten, 239 eta 14 behargin kale gorrian utziz, hurrenez hurren. Zumaiako (Gipuzkoa) Siemens Guascor lantegitik ere hainbat langile kanporatu nahi dituzte, oraindik zenbateko zehatza eman ez badute ere. Bestalde, Tubacexek 150 langile bidaliko ditu kalera Amurrion (Araba) eta Laudion (Araba).