ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Hondarribiko Gaztetxea
2020/02/08 14:28

Gaur, otsailak 8, agerraldia egin dute Hondarribiko Gaztetxeko kideek; iazko apirilean birjabetutako Egiluz Jauregia hutsarazteko agindua jaso dutela jakinarazi dute. Abenduan adierazi zuten martxan zela gaztetxea husteko prozedura judizial berria, eraikinaren legezko jabea den Acción Católica taldearen eskutik. Orain, esku artean dute ebazpena: abian da gaztetxearen desalojo prozesua.

Gaztetxeko kideek azaldu dute "Egiluz jauregia herriarena izan dadin borrokan jarraituko" dutela: "Gurea dena defendatuko dugu". Hala, dei egin dute datozen asteetan zehar antolatuko dituzten ekimenetan parte hartzera, eta eskatu dute "elkarrizketarako eta negoziaketarako erakutsitako borondatea" aintzat hartzeko. "Inplikatuta egon daitezkeen eragile guztiei" dei egin diete "konponbide bat bilatzera", "negoziaketa bidez": "Oso argi dugu hori izango dela bide egokia, eta ez errepresioa". "Konpromiso horretan berresten gara", gehitu dute asanbladako kideek.

Hamar hilabetetako borroka

Iazko apirilean eraikin hutsaren ateak ireki zituztenetik, gaztetxea "lan egun eta asanbladen bidez antolatu eta egonkortu" zutela diote gaztetxeko kideek. Ordutik askotariko erasoak jasan behar izan dituzte; tartean, lau kideren aurkako errepresioa epaiketa modura. Usurpazio delitua egotzi zieten, gerora errugabetuak izan ziren arren.

Hutsarazte agindu berriaren harira, zalantzan jarri dute eraikinaren "jabetza", "Elizak ez baitu behar". Elizak jauregia hamar urtez "erabat utzita" eta "mantenu gabe" izan duela diote gaztetxeko kideek, eta adibide gisara, metatutako hauts eta hezetasuna aipatu dituzte.

Eraikina gaztetxe bihurtuta eta mantenu eta egokitzapen lanak eginda, "herriari ekarpena" egin diotela eta "gazte langileon beharrei erantzuteko tresna" bilakatu dutela aldarrikatu dute asanbladako kideek. "Aisialdia kudeatzeko espazio batetaz harago", gaztetxeak "espazio politiko eta gune sozial bat edukitzea" ahalbidetu duela diote. Hainbat eragileren "egoitza" bihurtu da, eta horren erakusle modura aipatu dituzte azken hilabeteotan gaztetxean izan diren askotariko egitarauak. Hala, azpimarra jarri diote espazio horren beharrezkotasunari.

Babesa

Orain artean jasotako "babes guztia" eskertu dute gaur gaztetxeko kideek: "Hori izan baita proiektuari hasie-hasieratik indarra eman diona, eta orain bizirik jarraitzeko behar-beharrezkoa izango dena".


NO HAY COMENTARIOS