Bihar, hilak 15, grebara joko dute EAEko hezkuntza arloan. Ikasle langileek nahiz sektorean soldatapean jarduten duten langileek hartuko dute kalea, goizetik hasita. Ikasleen kasuan, Ikasle Abertzaleakek mobilizazioak deitu ditu EAEko hiru hiriburuetan, zehazki, Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba). Bestalde, Nafarroan elkarretaratze bat egingo dute ikasleek iluntzean.
Ibaetako manifestazioa 11:00etan abiatuko da aularioaren ondotik; Bilbon, 22:00etan Sarrikoko fakultatetik; eta Gasteizen, Elurretan hasiko da, ordu berdinean. Azkenik, Iruñeko (Nafarroa) elkarretaratzea Hezkuntza Delegaritzaren aurrean egingo dute, 20:00etatik aurrera.
Deialdiek Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu izango dute aldarri, nagusitzat eta bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean egin du dei IAk. Burgesiaren ofentsiba berriaren aurrean, gutxieneko neurri batzuk galdegin dituzte IAko kideek, baina oinarrizko eskakizun argi batekin: "Hezkuntzaren gaineko langile kontrola, hezkuntza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala".
Larrialdi egoera honetan, beraz, ikasleek hainbat neurri exijituko dituzte biharko greban. Alde batetik, Ikasle langileek hezkuntzara sarbidea izan dezaten bermatzea; bestetik, ikasketa modalitate telematikoak sortutako zailtasun akademikoek ikasleen ikasketa prozesua ez oztopatzea; eta azkenik, lan politiko eta militantea egiteko eskubidea bermatzea. Gainera, hezkuntza arloko langile sektoreen osasuna ziurtatuta ez egotekotan, "aurrean" izango direla azpimarratu dute.
AZPIKONTRATAK ETA IRAKASLEAK, KALERA
Bestalde, hezkuntza arloko soldatapeko langileek ere 11:00etan jarri dute hitzordua. Garbitzaileak, eskola garraioko gidariak, jantokietako langileak nahiz irakasleak daude grebara deituta, nagusiki. Egunotan hainbat protesta egin dituzte zenbait txokotan; esaterako, azpikontratatutako beharginek mobilizazioa egin zuten Bilbon aurreko ostiralean, eta aurreko ostegunean, "aurrez aurreko hezkuntza itzulerak adostua eta segurua" behar duela izan aldarrikatu zuten langileek EAEko hiru hiriburuetan, elkarretaratze bidez.
Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu du hezkuntzan "gutxieneko zerbitzuak" ezartzeko agindua. Salatu dutenez, aurreko greba deialdietan baino handiagoak dira agindutako kopuruak. Esaterako, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte garbiketan.
Bihar, 11:00etan hasiko dira sindikatuek deitutako manifestazioak, Jesus Guridi kontserbatorioaren aurretik Gasteizen, Alderdi Ederretik Donostian, eta Arriagatik Bilbon.