ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Recortes Cero Euskadi
2020/04/05 11:43

Bihar, apirilak 6, bi hilabete beteko dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian luizia gertatu eta bi langile harrapatuta gelditu zirenetik, milaka zabor tonaren azpian. Otsailaren 6an izan zen lurjausia, eta oraindik ez dituzte hondakindegian soldatapean jarduten zuten bi beharginen gorpuak aurkitu.

Une honetan, martxan dira hilotzak topatzeko lanak. Espainiako Gobernuak "funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa" eteteko ezarritako dekretuan, salbuespen modura sailkatu zituen "pertsonen bilaketa eta erresketatze" lanak. 100 langile baino gehiago dira Zaldibarren lan horietan dihardutenak, eta hainbat mediok aurreko astean jakinarazi zutenez, 19:30ak arte luzatu zuten haien lanaldia. Hondeamakinetan aritzen direnen kasuan, 23:00ak arte egiten dute lan.

IRREGULARTASUNAK

Otsailaren amaieran, erreskate lanetan ari direnen lan baldintzetan "irregulartasunak" atzeman zituztela salatu zuten LAB eta ELA sindikatuek. Beharginek milaka hondakin tona mugitzen dituzte, amianto arrastoak dituzten industria-hondakinak tartean. Gainera, sindikatuen esanetan, "babes neurri egokirik gabe" jardun izan dute bilaketa lanetan, zabor toxikoa "kargatzen eta deskargatzen".

Lehen egunetan bilaketa lanetan parte hartu zuten hainbat suhiltzaileren lanjantzietan aurkitu zuten amiantoa. "Maskarila ziztrinik ere ez genuen eta izugarrizko esfortzu fisikoa egin genuen, ahotik edozer sartu zitzaigun", salatu zuten suhiltzaileek.

GERTAERA-KATEA

Luizia gertatu zenean, erreskatatze lanak hasi bezain pronto agindu zuen Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutuak bilaketa bertan behera uzteko, amianto arrastoak zirela eta. Gainera, lurra "desegonkor" zegoela ohartarazi zuten geologoek, eta horregatik, luze egon ziren geldirik bi langileak topatzeko lanak.

Gainera, hedabideek aditzera eman zutenez, desagertutako langileetako batek lurjausia jazo aurretik jakinarazi zion Verter Recyling 2002 enpresari zabortegian ezin zela hondakin gehiago jaso. Aste horretan bertan, pitzadura handi bat igarri zuten.

AMORRUA KALEAN

Ezbeharra gertatu zenetik, protesta ugari izan dira Zaldibarren nahiz inguruko hainbat herritan, "kasua argitzea" eskatzeko, arduradunak seinalatzeko eta desagertutako langileen senideei elkartasuna adierazteko.

2020. urtea hasi zenetik, Euskal Herrian gutxienez hogei langile erail dituzte haien lanpostuetan. Atzo, apirila 4, osasun-langile bat zendu zen Gurutzetako Ospitalean (Bilbo, Bizkaia), koronabirusak jota.

NO HAY COMENTARIOS