ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/17 23:53

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, mobilizazio jendetsu bat izan da gaur Iruñean (Nafarroa), Palestinaren askatasunaren alde. Antoniuttitik irten da manifestazioa eguerdiko 12:30ak igarota, eta milaka lagunek hartu dute kalea, Israelgo Estatu genozida "borrokatzera, desnormalizatzera eta suntsitzera" deitzeko.

Manifestazioaren amaieran, plataformako kideek gogorarazi dute zazpi hilabete baino gehiago igaro direla sionistek oldarraldi militar masiboari ekin ziotenetik Gazako Zerrendan. "Azken asteetan biztanleria osoa Gazako hegoaldera mugiarazi ondoren, Rafah hiria bonbardatzen ari dira, populazioa jada suntsitutako eremuetara desplazatzera behartuz", azaldu dute. Hala, palestinarrak jasaten ari direna "hitz bakar batez deskribatu" daitekeela diote: "genozidioa".

Sarraskiaren kausak

Palestinarekin Elkartasunak argi seinalatu du gaurkoan: "Bada garaia genozidioaren erantzuleei eta euren konplizeei aurrez aurre begiratzeko. Bada garaia Palestinaren aldeko borroka Israelen eta bere konplizeen aurkako borroka ere bihurtzeko". Oroitarazi du aste honetan izan dela Nakbaren urteurrena, 1948ko maiatzean hartu baitzuten sionistek "palestinar lurren zati handi baten kontrola, hilabeteetan zehar luzatu zen ofentsibaren ondoren". Horren ondorioak ekarri dituzte gogora, 76 urte beranduago: "750.000 errefuxiatu, milaka hildako eta 500 herri suntsituta".

Plataformako kideek, beraz, azpimarra egin diote estatu sionistaren sorrera eta oinarri odoltsuari: "Historiak erakutsi digu zein den Israelgo Estatuaren esentzia; historiak erakutsi digu estatu sionistaren existentzia bera palestinar herriaren garbiketa etnikoan, lurren lapurretan, kanporaketan eta bertako langileen esplotazioan oinarritu dela".

Hala, berriz aldarrikatu dute, "Palestinaren askatasuna eskuratzeko, errefuxiatuen itzulera bermatzeko, preso politiko palestinarren askapena lortzeko eta zapalkuntzarik gabeko palestina askea eraikitzeko", ezinbestekoa dela baldintza bat: "Deskolonizazioa eta Israelgo Estatuaren suntsipena".

Mendebaldeko gobernuak, alderdi parlamentarioak eta enpresak erantzule

Palestinarekin Elkartasunak berriz salatu du palestinarren genozidioa ez litzatekeela posible izango "Mendebaldeko gobernuen babes politiko, ekonomiko eta militarrik gabe". Eta erantzule modura seinalatu ditu alderdi parlamentario guztiak: eskuinekoek "Israelgo Estatua eta bere ustezko defentsa-eskubidea babesten dute"; eta ezkerrekoek, hala nola PSOEk, "esku batekin bi estatuen irtenbidea proposatu eta Palestina formalki aitortuko duela adierazten duen bitartean, beste eskuarekin estatu sionista armaz hornitzen jarraitzen du".

Bi estatuen irtenbidea, irreala

Europako zenbait estatuk hurrengo egunetan aitortuko omen dute Palestina estatu gisa. Plataformak, baina, gaitzetsi egin du "bi estatuen proposamena" (alegia, Israelgo eta Palestinako estatu bana eskatzen dituena): "Irtenbide erreala baino, beste promesa faltsu bat da". Horretarako bi arrazoi azpimarratu ditu; hain zuzen ere, "proiektu sionistaren izaera kolonialak ezinezko egiten duela palestinar estatu bideragarri baten sorrera", eta Mendebaldeko bloke inperialistak ez duela estatu sionista aliatu gisa galdu nahi.

"Bi estatuen aterabideak funtzio bakarra betetzen du Mendebaldeko politikarien ahotan: egoerari irtenbidea ematearen itxura egin eta sionismoaren kontrako oposizioa lasaitzea", laburbildu du Palestinarekin Elkartasunak. "Internazionalista iraultzaileok izan beharreko posizioa bestelakoa" dela iritzi dio: "Israelgo Estatuaren desagerpena eta Palestinaren deskolonizazioa izan behar ditugu jomuga".

Ezinbesteko zereginak

Posizio horri lotuta, funtsezko lau zeregini egin diete azpimarra gaur: "Palestinarren erresistentzia-eskubidearen defentsa egitea"; "Israelgo Estatuaren adierazpen politiko, ekonomiko eta kulturalak desnormalizatzea eta borrokatzea"; "sionismoaren konplize diren enpresa, gobernu eta ezker-eskuineko alderdi politikoei presioa egitea harreman oro eten dezaten"; eta "kapitalismoak sortzen duen gerraren eta genozidioaren kontra, herri desberdinetako langileon elkartasun internazionalista antolatzea".

Ohartarazi dute "basakeria sionista" ez dela "bere kabuz geldituko". "Mundu osoko zapalduontzat eredugarritzat" jo dute "palestinarren erresistentzia", eta, hortaz, aurrerantzean ere hemendik borroka egitera deitu dute: "Guk ere biderkatu dezagun sionismoaren eta bere kolaboratzaileen kontrako borroka".

NO HAY COMENTARIOS