ACTUALIDAD / Palestina

Urriaren 3an Bilbon mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak

Hiru urte beteko dira 2023ko urriko palestinar altxamendutik, eta erresistentziaren alde kaleak hartzera deitu du plataformak. "Irtenbidea ez da Israelgo hauteskunde-prozesutik etorriko. Irtenbidea erresistentzian kokatzen da", nabarmendu du.
2026eko irailaren 15 - 05:55
Urriaren 3an Bilbon mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak

Palestinarekin Elkartasuna plataformak mobilizazio-deialdi baten berri eman du gaur goizean, Bilboko La Bolsan: urriaren 3an, 2023ko urriaren 7ko altxamenduaren 3. urteurrenaren atarian, manifestazio nazional bat egingo dute Bizkaiko hiriburuan. 17:30ean irtengo da mobilizazioa Jesusen Bihotzetik, palestinar erresistentziaren alde eta estatu sionistaren kontra.

"Hiru urte beteko dira 2023an Palestinaren aurkako genozidioa areagotu zenetik. Baina gaurkoan beste gauza bat azpimarratzera gatoz: hiru urte beteko dira palestinar erresistentziak 'nahikoa da' esan zuenetik", adierazi dute prentsaurrekoan plataformakoek: "Nazioartean ia ahanzturan zegoen Israelek bere sorreratik palestinarren aurka aurrera daraman garbiketa etnikoaren prozesua. Hiru urte hauetan, ordea, berriz ere argi geratu da zein den Israelen izaera kriminala, eta nazioartean zilegitasuna galtzen joan da. Eta hori erresistentziaren irmotasunari zor zaio lehenik eta behin, baita nazioarteko elkartasunari ere".

Arazoa ez da agintari bat edo bestea

Gogoan izan dute balitekeela laster hauteskundeak izatea Israelen, eta testuinguru horri aurrea hartuz, plataformak kritikatu du hainbatek defendatzea "arazo bakarra" Benjamin Netanyahu dela. "Guk argi dugu arazoaren jatorria ez dagoela Israelgo gobernu edo alderdi batean edo bestean. Arazoaren jatorria Israelgo proiektua bera da eta oinarrian duen ideologia sionista, zein bere sorburu eta babes diren inperialismo europar eta estatubatuarra", ohartarazi du Palestinarekin Elkartasunak. Horiek horrela, uste du "irtenbidea ez dela Israelgo hauteskunde-prozesutik etorriko", erresistentziaren eskutik baizik.

Palestinako erresistentziaren alde

"Mendebaldeko herrialdeetan erresistentziari babesa adieraztea dagokigu, eta horrek esan nahi du erresistentziarako eskubidea defendatzea edozein formatan; eta kriminalizazioari aurre egitea, bai han eta baita hemen ere", aldarrikatu du plataformak. Izan ere, gogorarazi du "ez litzatekeela Palestina existituko ez balitz erresistentziari esker".

"Erresistentziak palestinarren egoera erdigunean jarri zuen 2023ko urriaren 7an, eta horri segika, aurrerantzean ere Palestina erdigunean mantentzea dagokigu guri. Palestinarren askatasuna defendatzea eta Israel zein genozidioaren konplize guztien aurkako mobilizazioarekin eta boikotarekin jarraitzea dagokigu", azpimarratu du Palestinarekin Elkartasunak.