Gasteizko (Araba) Txosna Batzordeak berriz debekatu die txosnagunearen parte izatea Gazte Koordinadora Sozialistari (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistari, haien aurkako beto politikoa mantenduta. Hala ere, "betoaren gainetik, txosnak denontzat" izan behar dutela defendatu dute beste behin ere Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek, eta oztopoak oztopo, egitarau indartsu bat antolatu dute datozen festei begira. "Gure aldarrikapenek bere lekua izango dute", ohartarazi dute: "Bide horretan, uztailaren 24rako eta abuztuaren 4rako eta 5erako zenbait ekimen antolatu ditugu".
Izan ere, baimenik ez izan arren, urte honetan ere euren ekimenez txosna jartzea erabaki dute GKSk eta sindikatuak, bi egunez: abuztuaren 4an eta 5ean, hain zuzen ere. Letren Fakultatearen aurrean sortuko dute jaigunea, eta horren aurretik, uztailaren 24an, Alde Zaharrean izango dute hitzordu bat. Gonbidatu ugarik parte hartuko dute deialdietan: Kiliki, J Martina, Mutiko, Malakias MX3, Rodeo, Mirotz, Zero, Sedientos de Cumbia... Laster emango dute xehetasunen berri.
"Egitarau hau protestarako baliatuko dugu, gure aurkako bazterketak inolako tokirik ez duela aldarrikatzeko", jakinarazi dute GKSko eta sindikatuko kideek: "Gure aldarrikapenak babesten dituen gasteiztar oro gonbidatzen dugu gurekin batera betoa salatu eta jaiak ospatzera".
Sortu eta Jardun, berriz ere irtenbide baten kontra
"Aurtengo urtea bazterketa politikoa alde batera utzi eta konponbidea lortzeko urtea zela zirudien arren", Mugimendu Sozialistak aurreko astean jakinarazi zuen GKSren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren kontrako betoa mantenduko zuela Txosna Batzordeak. Izan ere, betoa indarrean mantentzearen alde bozkatu dute berriz Ezker Abertzaleak eta bere inguruak eta Jardun Koordinadorak. Txosna Batzordeko zenbait eragile berriz saiatu dira aterabide bat lortzen, baina berriz blokeatu dute balizko irtenbidea aipatutako sektoreek, "Gasteizko txosnek historikoki izan duten izaera pluralaren gainetik jarriz" euren "interes partikularrak".
"Nabaria da auzi honek oihartzun handia hartu duela azken urteetan, eta Mugimendu Sozialistako eragileok txosnagunean gure lekua izateko eskubidearen aldarriak babes zabala du. Horren adibide da ekainean egin genuen manifestazio jendetsua", ekarri dute gogora GKSk eta sindikatuak gaurkoan. Horiek horrela, salatu dute "ulergaitza" dela Ezker Abertzaleak eta Jardunek "irtenbiderako aukerei bizkarra ematen jarraitzea". "Gure ustez bidegabekeria honi konponbidea eman behar zaio, eta hortaz, egoera hau publikoki salatzen jarraituko dugu", gaineratu dute.