ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / M. Arrazola/Irekia
2026/02/10 07:43

Arabako Salhaketa kolektiboak atzo jakinarazi zuenez, beste pertsona batek galdu du bizia Zaballako (Araba) kartzelan, argitu ez dituzten arrazoiak direla-eta. Heriotza salatzeko, elkarretaratze bat antolatu du taldeak ostiral honetarako, hilaren 13rako, Espetxeak apurtu! lelopean. Gasteizko (Araba) Andre Mari Zuriaren Plazan izango da protesta, eguerdiko 12:30ean.

"Ez da kasu isolatua, ezta salbuespenezkoa ere", ohartarazi du kolektiboak. Hala, "isiltasun instituzionala" eta "zabarkeria medikoa" gaitzetsi ditu, eta eskatu du "espetxeetako hormek beren biktimak ezkutatzeari utz diezaiotela". 

Eusko Jaurlaritzak 2021ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen eskumena hartu zuenetik, gutxienez hamar preso hil dira horietan. Zaballan bertan, duela urtebete baino gutxiago galdu zuen bizia beste pertsona batek, "errespetu-modulu" batean gatibu zutenean: martxoaren 14an izan zen hori. 

Iruñeko presondegian ere hainbat heriotzaren berri eman dute azken urteetan, azkena, iazko azaroaren bukaeran. Iruñeko espetxean mediku faltagatiko salaketak ugaritzen ari ziren testuinguru batean hil zen Begoña izeneko andrea, eta Patxi Ruiz preso politikoak gose-greba baten bidez salatu zuenez, gaizki tratatutako tronbo baten eraginez zendu zen.

Nafarroako Salhaketak iaz eman zuen beste datu izugarri bat: Espainiako Estatuko Espetxe Instituzioen arabera, urtean 189 presok galdu zuten bizia 2017 eta 2023 artean. Gainera, "zifra horiek kanpoan uzten dituzte beren bizitzako azken uneetan ospitaleetara ateratzen dituzten preso guztiak", kolektiboak seinalatu zuenez.

NO HAY COMENTARIOS