ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/07 09:37

Israelgo Estatuak zabaltzen duen terroreak ez du mugarik. Besteak beste, Libano masiboki bonbardatzen segitzen du: hainbat aste daramatza horretan, eta baieztatu dute joan den larunbat gaua izan dela orain arteko gogorrena Beiruten. Hiriburu hegoaldeko aldirietan, aire bidezko 30 eraso baino gehiago egin zituzten sionistek. Bekaa eta Baalbek-Hermelen ere izan ziren bonbardaketak.

Astelehen honetan jakinarazi dute, gainera, "operazio lokalizatuak" egiteko baliabide militar gehiago mobilizatu dituela Libanora agintaritza sionistak. Irailaren erdialdean oldarraldiari ekin zionetik, 2.000 libanoar baino gehiago erail eta ia 10.000 zauritu dituzte.

Eraso bortitzetatik ihesi, hutsak geratzen ari dira Libano hegoaldeko herriak. Eta sionistek mehatxuekin jarraitzen dute: badirudi prest daudela hegoaldean operazio gehiago egiteko, eta berriki agindu diete libanoarrei hegoko 25 herri gehiago husteko. Guztira, 100 herri ebakuatzeko agindua eman dute azken asteetan.

Iparralderago, baina, egoera ez da seguruagoa; esate baterako Beiruten, modu jarraituan bonbardatu baitute astebetez baino gehiagoz. Azken orduetan, gainera, gero eta iparralderago jo du erasora Israelgo Estatuak: Tripoli hiritik gertu, Beddawiko errefuxiatu-kanpalekua bonbardatu du asteburuan.

Ihesbideei eta osasun-arretari eraso

Sionistak modu makurrean ari dira errefuxiatuei eraso egiten, Palestinan hamaika aldiz ikusi den modura. Hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez, Israelgo Estatuko indarrek suntsitu egin dute Libanon errefuxiatuak erabiltzen ari diren errepide nagusia. Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (ACNUR) arabera, jadanik 160.000 dira Libanotik Siriara alde egin behar izan duten pertsonak.

Eta, ihes egiteko bideez gain, osasun-arreta modu makurrean oztopatzen jarraitzen du Israelek. Bere armadak oraintsu adierazi du Osasun Batzorde Islamikoaren baliabideak ere (hala nola anbulantziak eta osasun-zentroak) "helburu militarrak" direla, milizianoak eta armak gordetzeko erabiltzen omen direlako.

Joan den asteburuan, bestalde, Libanora zihoan konboi humanitario bati eraso diote sionistek Siriako Homs hirian, hiru osasun-langile zaurituz. Sirian, aldi berean bonbardatu dituzte hainbat hiri azken egunetan.

Erresistentzia erasoan: kalteak indar sionistetan

Sionistek esan dute Hezbollahren 2.000 helbururi eraso dietela jadanik Libano hegoaldean. Hezbollahk, dena den, gogor eusten dio ofentsibari: Israelgo Estatuak misilen kontra daukan defentsa-sistema gainditzea lortu du, eta Tiberias hiri turistikora nahiz Haifa erdigunera iritsi dira bere erasoak. Haifa da sionistek okupatuta daukaten hirugarren hiririk handiena, iparraldean.

Israelgo Estatuak bere ohiko triunfalismo-tonua mantendu nahi badu ere, badira bere kontrako erresistentziaren eraginkortasuna agerian uzten ari diren hainbat zantzu. "Israel ez da Hezbollah suntsitzeko gai izango", nabarmendu du berriki Amerikako Estatu Batuetako defentsa-idazkari Lloyd Austinek.

Libanoko edota Palestinako erresistentziaren erasoez gain, badirudi zabalagoa izaten ari dela sionisten kontrako borroka. Hainbat iturrik larunbat goizean azaldu zuten sionistek atentatu bat jasan zutela Golango Gainetan, Siria okupatuan. Drone bidez eraso zioten sionisten base militar bati, gutxienez bi soldadu erailez eta 24 zaurituz. Irakeko miliziei egotzi diete ekintza.

Iranen prestaketa-lanak eta AEBen bonbardaketak Yemenen

Erresistentziak sionistei aurre egiten dien aldi berean, Iranek ehunka misil balistiko bota zituen aurreko astean Israeltzat hartzen den eremura. Ordutik, iturri bat baino gehiago izan dira aditzera eman dutenak erantzun "handiago bat" prestatzen ari dela agintaritza sionista. Komunikabide israeldarren esanetan, Segurtasun Ministroen Kontseiluak berriki onartu du Iranen erasoari erantzutea.

Badirudi, ordea, Iranen ere aurrera doazela borrokarako antolaketa-lanak: Irango zenbait komunikabidek zabaldu dute 2.000 misil prest dituela armadak. Momentuz, hegazkin-hegaldi guztiak bertan behera utzi ditu Irango agintaritzak.

Yemenen ere sionisten eta beren aliatuen kontrako erasoak mantentzen dituzte indar armatuek, haientzat estrategikoak diren ontziei eraso egiten segitzen baitute. AEBek, baina, berriz bonbardatu dute Yemen: "itsasoan mugitzeko eskubidea defendatzea" aitzakiatzat hartuta, hiru hiritan jaurti dituzte bonbak estatubatuarrek; tartean, Saná hiriburuan eta Hodeidako portuan.


Irudiak: Twitterretik hartutakoak eta Almudena Ariza kazetariak zabaldutakoak

NO HAY COMENTARIOS