ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/05/28 10:50

Herenegun, gauez, Mugimendu Sozialistako kide bat atxilotu zuen Ertzaintzak Itziarren (Gipuzkoa). Eibarko (Gipuzkoa) polizia-etxean gatibu izan ostean eraman zuten Martutenera (Gipuzkoa), eta han kartzelaratu dute sei hilabetez. 2018an bere jardun politikoari lotuta ezarri zioten zigor bat betearazi nahi diote, antza.

Urruñakoa (Lapurdi) da atxilotutako gaztea, eta Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, mobilizazio bat egin zuten arratsaldean, hari babes osoa adierazteko. Kidea berehala aska dezatela eskatu zuten karriketan, baita bere erabateko absoluzioa ere.

Lan politikoa, zigortuta

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak azpimarratu zuen "argi geratu" dela berriz "estatu kapitalistek militantzia iraultzailea zigortzeko daukaten funtzioa": "Lan politikoa egiteagatik atxilotu dute, eta hori dela-eta bete beharko ditu sei hilabete presondegian".

"Bakeaz eta bizikidetzaz ahoa betetzen zaien horiei, oroitarazi behar zaie estatuak ez direla hobera aldatu, proletalgoaren antolakuntza independentea deuseztatzeko burgesiaren tresna izaten segitzen dutela", seinalatu dute Kontseilu Sozialistako kideek.

Askatasun politikoen defentsa

Azaldu dute, bestalde, "estatuekiko eta Kapitalarekiko forma independentean lan egiten" jarraituko dutela aurrerantzean ere, "baita militatzeko baldintzak defendatzen ere".

"Oinarrizko askatasunen deuseztapenak eta errepresioak ezaugarritzen duten testuinguru honetan beharrezkoa da are eta indar gehiago ezartzea askatasun politikoaren aldeko borrokan, beti ere sozialismoa eta amnistia ardatz izanik", zehaztu dute. Azken horrek honakoa esan nahi duela diote: "Preso eta errefuxiaturik gabeko egoera jendarte aske baten eraikuntzarekin batera etorriko da".

Mobilizazioak gaur ere

Gaur ere kalera aterako dira kartzelaratutako militanteari elkartasuna erakusteko eta bere absoluzioa exijitzeko, Euskal Herriko hainbat txokotan, tokian tokiko Kontseilu Sozialistek nahiz GKSk deituta —ikusi hemen gaurko deialdi guztiak—.

NO HAY COMENTARIOS