ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Gasteiz Hoy
2021/03/24 16:58

Zauri larriak eragin dizkiote langile bati Gasteizko (Araba) Mercedes Benz fabrikan, gaueko txandan makineria astunarekin beharrean zebilela. Iturri sindikalek aditzera eman dutenez, ibilgailuen muntaia-faseetako batean jazo da ezbeharra, autoei gurpilak jartzen zaizkien gunean, hain zuzen ere.

Ibilgailuaren karrozeriaren eta horma baten artean harrapatuta geratu da soldatapeko langilea. Larrialdi-taldeek ospitaleko ebakuntza-gelara eraman dute berehala, burua hanpatuta zuela eta belarrietatik odola zeriola.


Arrisku bizian


Martxoaren 21ean, joan den igandean, garraiolari bat kiskalita hil zen Zuastiko (Nafarroa) errepidean. 2021ean Euskal Herrian soldatapean eraila izan den hamahirugarren langilea da, gutxienez. Egun batzuk lehenago, hilaren 16an, beste behargin bat zendu zen Bermeon (Bizkaian), itsasontzitik uretara jausita.


2020. urteak lan-istripu hilgarrien zifra gorakorrak utzi zituen Euskal Herriko langileriarentzat: 72 heriotza izan ziren gutxienez. Horrez gain, Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling enpresaren kasuak berriki agerian utzi duenez, patronalak badaki zein den bere jarduerak langileentzat dakarren zoria.