AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @jotabe1963
2021/03/11 19:08

Bizkaiko Lan Ikuskaritzak aurreko astean aurkeztu zuen epaitegietan Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian gertatutakoaren inguruko txosten bat. Verter Recycling enpresak kudeatzen zuen hondakindegia, eta Lan Ikuskaritzaren dossierraren arabera, enpresako buruak bazuen jauste arriskuaren berri. Hori ez ezik, txostenean jaso dute langileek ez zutela horren gaineko jakinarazpenik jaso; hala, enpresaburuak denbora luzez ezkutatu zien arriskuaren gaineko informazioa.

Luizia gerta zitekeela adierazten zuten arrasto ugari zeudela eman du aditzera Lan Ikuskaritzak. Otsailaren 3an, lurjausia gertatu baino hiru egun lehenago, zabortegian "hainbat pitzadura" zeudela atzeman zuten zabortegiaren kudeatzaileek. Gainera, ondorengo bi egunetan —otsailaren 4an eta 5ean, alegia— Geyser HPC enpresako ingeniariek zein teknikariek pitzaduren iturburua ikertzea gomendatu zuten, eta emaitzek iradoki zuten "ezohiko" egoera zela hondakindegikoa.

Luizia gertatu zen egunean, Verter Recycling enpresako ingeniariek "desplazamenduez" ohartarazi zuten, eta hondeaketa-lanak etetea gomendatu zuten. Jose Ignacio Barinaga enpresaburuak, ordea, entzungor egin zien jakinarazpenei. Langileek, hortaz, ez zuten horren guztiaren berririk izan.

Zuhurtziagabekeria larriagatiko hilketa egotzi zieten Barinagari, Arrate Bilbao Barinaga kudeatzaileari eta Juan Ignacio Etxebarria azpiegitura-ingeniariari, baina atxilotu eta bi egunera geratu ziren aske.