Garraiolari bat eraila Zuastin, zerbitzugunean zegoela, kamioiak su hartuta

Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen sutea. Urtea hasi zenetik, gutxienez hamahiru langilek galdu dute bizia soldatapean lanean ari zirela. 2020an gora egin zuten lan-istripu hilgarriek, Hego Euskal Herriko hainbat sindikaturen esanetan; gutxienez 72 lan-heriotza zenbatu zituzten.
Argazki Nagusia
Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak
2021eko martxoaren 21a

Bart beste lan-heriotza bat izan da Euskal Herrian: kamioilari bat hil da Zuastiko (Nafarroa) zerbitzugunean. Geldirik zegoela, kamioiak su hartu du 22:30 aldera, eta barruan zegoen behargina. Dena den, oraindik ez dute argitu zergatik piztu zen sua ibilgailuan.

2021. urtea hasi zenetik, gutxienez hamahiru langilek galdu dute bizia haien lanpostuetan. Joan den asteartean Bermeon (Bizkaia) zendu zen behargin bat, itsasontzi batetik jausita. Hilaren 11n, aldiz, Durangoko (Bizkaia) ikastetxe bateko langile bat hil zen Berrizen (Bizkaia), lanera bidean zihoala.

Hamahiru heriotza horietaz gain, iragan urtarrilean hil zen Mungiako (Bizkaia) Brunnschweiler enpresarentzat soldatapean aritzen zen langile bat, lanean hamazazpi urtez amiantoa arnastu ostean.

Hego Euskal Herriko hainbat sindikatuk aste honetan kaleratutako txosten baten arabera, aurreko urtean gora egin zuten lan-istripu hilgarriek. Gutxienez 72 lan-heriotza zenbatu zituzten 2020an.