Uztailaren 12tik 20ra bitartean ospatu zituzten jaiak Barakaldon (Bizkaia), eta txosnagunean izandako hitzezko eraso arrazista baten berri eman du bertako Txosna Batzordeak. Izan ere, amazigh-bereber komunitateari loturiko Agharas elkarteak txosna bat jartzen du festetan, eta, aurten ere, irain arrazistak jasan behar izan ditu bertan txanda egiten ari zen lagun batek. "Utzi mugikorrak lapurtzeari", oihukatu zion besteak beste pertsona batek.
Arrazakeriari ezetz esateko, Txosna Batzordeak protesta bat antolatu zuen uztailaren 20rako, eta 150 bat pertsona batu ziren. Agharaseko kideek salatu dutenez, ordea, ez da halako jarrera arrazistak pairatu behar izan dituzten lehen aldia: "Iaz ere gertatu zen. Egiatan, egunero gertatzen da: kalean, trenean, irratian, Tik Token, higiezin-agentzietan… Arrazakeria eguneroko arazoa da, normalizatuko ez duguna".
Eta jaigunea antolatzen jarduten duten eragileek "irmo" gaineratu zuten: "Gure kaleetatik arrazakeria desagerrarazi arte, gero eta inklusiboagoak diren herritartasun-ereduak eraikitzen aktibo izaten jarraituko dugu".