Baionako espetxean, hilik agertu da preso zegoen pertsona bat
— ARGAZKIA Guillaume Fauveau

Aurreko ostiral eguerdian, 23 urteko pertsona bat topatu zuten hilik Baionako (Lapurdi) presondegian. Osasun mentaleko arazoak zituen, eta bakarkako zelda batean zeukaten gatibu, bakartze-erregimenean. Sud Ouest hedabidearen arabera, bere buruaz beste egin zuen, telefono-kable bat erabilita. France Bleu irratiaren esanetan, Baionako Fiskaltzak azaldu du lau hilabeteko espetxe-zigor bat betetzen ari zela gaztea, jabetza batean kalteak eragitea leporatuta. 

Urtea hasi zenetik, Euskal Herriko kartzeletan preso zeuden hiru pertsonak galdu dute bizia, gutxienez. Baionan aurreko astean izandako heriotzaz gain, Nafarroako Salhaketak berriki jakinarazi du 80 urtetik gorako preso bat hil zela Iruñeko (Nafarroa) kartzelan martxoaren hasieran, bihotz-biriken geldialdi bat jasan ostean. Otsailean, bestalde, 35 urteko pertsona bat zendu zen Zaballan (Araba). Hilik aurkitu zuten ziegan, baina ordu batzuk lehenago deika aritu zen interfonotik, eta mediku-arreta ukatu zioten espetxezainek.

Pilaketa Baionako espetxean

Berria-k behin baino gehiagotan gogorarazi duenez, jendea pilatuta daukate Baionako kartzelan. Bertan 70 pertsonarentzako plazak dituzte berez, 66 ziegarekin, baina askoz ere preso gehiago hartzen dituzte: 160 pertsona 66 zeldatan, 2025eko uztaileko datuek ziotenez. Ziega batzuetan lau lagun sartu izan dituzte gatibu.