80 urteko pertsona preso baten heriotza baieztatu du Nafarroako Salhaketak
— ARGAZKIA elDiario.es

Nafarroako Salhaketak martxoaren 9an jakinarazi zuen informazioa jaso zuela Iruñeko espetxean preso zegoen pertsona baten heriotza posibleari buruz, eta duela bi egun baieztatu zuen berria. 80 urtetik gora zituen hildakoak, eta bihotz-birikak geratu zitzaizkion kartzelan zegoela. Bertan suspertu ostean, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen.

Halako gertaera larriei buruz izaten den informazio falta salatu du berriz Nafarroako Salhaketak. "Ez da kartzelako erdeinu instituzionalaren aurrean salaketa-bide gisa jardutera behartuta gauden lehen aldia", zioen martxoaren 9an. Oraingoan ere, Iruñeko espetxe-administrazioak eta bestelako erakundeek ez dute heriotzaren inguruko argipenik egin. Informazioa eta gardentasuna exijituz, kolektiboak gaineratzen du "gardentasunak esan nahi duela eztabaida publiko bat egitea espetxe barruko bizi-baldintzei buruz, eta kolektiboki onartzea haietan gertatzen denaren erantzukizun politikoa".

Horrez gain, kartzelak pertsonen osasunean sortzen dituen kalte larriak nabarmendu ditu, bai azken heriotza bai bertan gertatzen diren beste hainbat eta hainbat espetxealdiari lotuz: "Espetxeak kalte larriak eragiten ditu pertsonen osasun fisikoan eta mentalean, kasu batzuetan egoera jasanezinetarainokoak". Salhaketak seinalatu du "logika punitiboak" beti ematen diola lehentasuna pertsonak preso mantentzeari, bestelako "neurri alternatibo" batzuk aztertu beharrean; baita gaixo daudenen edo adinez oso nagusiak direnen kasuan ere, azken biktimaren kasuan bezala.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herriko kartzeletan preso zeuden bi pertsonak galdu dute bizia jada: otsailean, 35 urteko gizonezko bat hil zen Zaballan. 2012an ireki zuten Iruñeko espetxea, eta ordutik, gutxienez hamar hildako izan dira, Nafarroako Salhaketaren esanetan. 

Bestalde, taldeak duela gutxi gaitzetsi du Iruñean preso dagoen beste pertsona batek jasandako tratua, osasun-egoera larrian dagoen arren. Tumore bat kentzeko ebakuntza jasan eta gero, kartzelara itzularazi zuten: bertan, biluztu, miatu eta isolamenduan sartu zuten bi hilabeterako, ebakuntzaren ondoren egin beharreko sendaketei eta pautei entzungor eginez.