Murtziako Torre Pacheco herrian sortutako egoera dela-eta, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) salatu du "faxismo hutsa" dela azken egunetan bertan ikusitakoa. "Alderdi politiko eta talde faxistak ari dira egoera eztandarazten, magrebtarren aurkako diskurtsoak zabalduta eta beraien aurkako ehiza antolatuta. Vox, Desokupa, Frente Obrero eta Deport Them Now bezalako talde faxistak komunitate magrebtarrean izua eta terrorea zabaltzera joan dira", ohartarazi du.
GKSk seinalatu duenez, "agure bati egindako erasoa aitzakiatzat hartuta, magrebtarren aurkako diskurtso faxista hedatu nahian ari dira". Helburu horrekin zabaldu dituzte "buloak" sare sozialetan eta komunikabideetan, "eta eskuadroi faxisten bitartez, magrebtarren aurkako ehiza antolatu dute", gazte-antolakundearen esanetan.
Gogorarazi du, bestalde, "faxistek migranteak jopuntuan jartzen dituzten bitartean, enpresariak direla magrebtarrak esplotatuz beraien poltsikoak betetzen dituztenak; milaka etorkin baitira kondizio deshumanizatuetan, nekazaritza sektorean besteak beste, lanean ari direnak".
Poliziaren konplizitatea faxistekin
"Poliziak egoera honen aurrean hartu duen jarrera" ere azpimarratu du GKSk: "Egunerokotasunean etorkinen eta langileria antolatuaren aurka izugarrizko errepresioa ezartzen badu ere, faxisten aurrean pasibotasuna eta konplizitate nabarmena erakutsi ditu". Horrekin, "Poliziaren izaera klasista eta zapaltzailea agerian" geratu dela uste du antolakundeak.
Faxismoaren aurrean klase-batasuna
GKSk berriz azaldu du, beraz, "testuinguru erreakzionario baten aurrean" gaudela eta horri aurre egitea premiazkoa dela: "Ezin diogu faxismoari pauso bat gehiago ematen utzi. Eraso arrazista eta faxista guztiei erantzun behar diegu, eta horretarako, langile-klaseko kolektiboen arteko batasuna eraiki behar dugu".
Azken egunotan Torre Pachecon ikusitakoa faxismo hutsa da.
— Gazte Koordinadora Sozialista (@GKSozialista) July 16, 2025
Alderdi politiko eta talde faxistak ari dira egoera eztandarazten, Magrebtarren aurkako diskurtsoak zabaldu eta beraien aurkako ehiza antolatuta.
FAXISMOAREN AURREAN KLASE BATASUNA. pic.twitter.com/IiEOD4Xeg6