Gaur arratsaldean Bilbon (Bizkaia) egin dute agerraldia Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta Euskal Herriko zaletuen hainbat harmailak. Azaroaren 15ean Euskal Selekzioaren eta Palestinakoaren lagunarteko partida jokatuko den lekutik gertu izan da prentsaurrekoa; San Mamesetik gertu, alegia. Izan ere, hurrengo astean izango da bi selekzioen hitzordua Bizkaiko hiriburuan, eta hori baliatu nahi dute Palestinarekin Elkartasunak eta euskal zaletuek, kaleak aldarriz betetzeko beste behin ere.
"Euskal Selekzioaren partidak beti dira bereziak. Batetik, kirol-ekitaldi gisa, gure selekzioa jokatzen ikusteko aukera dugulako; eta bestetik, aldarrikapenerako egunak izan direlako historikoki. Euskal Herriko langileriaren zapalkuntza soziala eta nazionala salatzeko, ofizialtasuna aldarrikatzeko eta gainontzeko herri zapalduekiko elkartasun internazionalista adierazteko egunak izan ohi dira", nabarmendu dute: "Aurten ere, aldarrikapen horiek bultzatuko ditugu kalean zein zelaian".
Are bereziagoa aurten: Palestinako erresistentziaren aldeko ekimenak egunean zehar
Uste dute, gainera, "are bereziagoa" izango dela urte honetako partida, "Palestinako Selekzioa aurrez aurre izateagatik, palestinar herria pairatzen ari den sarraskiaren erdian". Horiek horrela, bi ekimen antolatu dituzte elkarlanean euskal zaletuek eta Palestinarekin Elkartasunak. Zaletuen harmailek Euskal Selekzioaren partidaren aurretik urtero egiten duten kalejira, hain zuzen ere, plataformarekin batera antolatu dute aurten, palestinar erresistentzia aldarrikatzeko. 18:30ean hasiko da kalejira Areatzatik, eta San Mameseraino luzatuko da. Eguerdiko 13:00etan, gainera, omenaldi bat egingo diete kirolari palestinarrei Arriaga Plazan, Euskal Herriko hainbat kirolariren eskutik.
Partidan ere estadioa aldarriz beteko dutela aurreratu dute, baina segurtasun-buruaren jarrera salatu dute jasandako zentsuragatik: "Ibaitik itsasora esaldia, amnistiaren ikurra eta palestinar erresistentziaren aldeko leloak hasieratik zentsuratuak izan zaizkigu".
Kirola ez dago genozidiotik salbu
"Israelek hamarkada luzez aurrera eraman duen zapalkuntza koloniala eta genozidioa" gogoan, zaletuek eta Palestinarekin Elkartasunak ohartarazi dute "Palestinan kirola ere ez dagoela genozidiotik salbu". Eta sakondu du: "Kirolari palestinarrak urte luzez jazarri ditu Israelgo Estatu terroristak; bidaiatzeko eta lehiatzeko debekuak, kirol-azpiegituren suntsipena edo kirolarien erailketak etengabeak izan dira. Gazako futbol-zelaietan aspaldi utzi zioten futbolean aritzeari. Zelai batzuk hobi komun bilakatu dira, beste batzuk okupazio-armada sionistaren kuartel militarrak dira orain, eta beste batzuk errefuxiatuen kanpamentu gisa erabiltzen dira".
Horri lotuta, hainbat datu eman dituzte agerraldian: "2023ko urriaren 7tik, gutxienez 1.300 kirolari palestinar hil ditu Israelek, horietatik 421 futbolariak. 300 kirol-instalazio inguru suntsitu dituzte sionistek". Hala ere, oroitarazi dute "Israeli alfonbra gorria jartzen zaiola nazioarteko kirol-txapelketa guztietan, eta bere krimenak zuritzeko tresna estrategiko gisa erabiltzen duela kirola estatu sionistak".
Mobilizatzeko beharra
Zaletuen harmailek eta Palestinarekin Elkartasunak defendatu dute "beharrezkoa dela mobilizatzen jarraitzea palestinar herriaren eta erresistentziaren alde, eta Israelen eta Mendebaldeko bere konplizeen kontra". Azpimarratu dute, hala, Trumpen planak ez duela "ez askatasunik ez bakerik ekarriko Palestinarentzat". "Mendebaldeko indar inperialistek bultzatutako planek, bi estatuen soluzio faltsuak barne, ez dute Israelen hedapen koloniala geldituko", diote: "Ezin dugu ahaztu, azken su-etena sinatu zenetik, Israelek 500 palestinar baino gehiago erail dituela".
Horiek horrela, estatu sionistaren suntsipena erreibindikatu dute berriz: "Palestinaren askatasuna erdiesteko, lurralde osoaren deskolonizazioa, preso politikoen askatasuna eta errefuxiatuen itzulera bermatu beharra daude, eta horretarako aukera bakarra Israelgo Estatuaren desegitea da. Ezingo dugu genozidioa gelditu estatu genozidak irauten duen bitartean".