ACTUALIDAD / Palestina

"Beste Vuelta bat amaitu bitartean, genozidioak eta errepresioak segitzen dute"

Duela urtebeteko Vueltan Palestinaren alde izandako mobilizazioen harira, zazpi lagun daude auzipetuta, sei urterainoko kartzela-zigor posibleekin, eta 30 inguruk jaso dituzte isunak. Espainiako Gobernua, tokian tokiko gobernuak eta Vueltako zuzendaritza seinalatu dituzte erantzule modura, baina gogorarazi dute, protestei esker, lortu zutela Israelgo Estatuak ez izatea "txirrindularitza-talderik bere genozidioa zuritzeko".
2026eko irailaren 9 - 08:05
"Beste Vuelta bat amaitu bitartean, genozidioak eta errepresioak segitzen dute"

Duela ia urtebete, mobilizazio gogoangarriak izan ziren Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko hainbat lurraldetan, txirrindularitzako Vuelta igarotzean: Palestinarekin elkartasunez, Israelgo Estatua egiten ari den genozidioa salatzeko hamaika protesta-ekintza izan ziren lasterketan zehar, Israel Premier Tech taldea Vueltan parte hartzen ari zela baliatuta. Urtebeteren ondoren, mobilizazio horiengatik auzipetuta dauden pertsonek agerraldi bat egin zuten atzo Iruñean, iaz jasandako errepresioa gogora ekartzeko eta palestinarren aurkako genozidioak bere horretan jarraitzen duela salatzeko. "Urtebete geroago, oraindik ere badaude kalera irtetera eraman gintuzten arrazoi berberak", adierazi zuten prentsaurrekoan: "Estatu genozida bat ordezkatzen zuen talde baten presentzia salatzera atera ginen. Palestinari elkartasuna adierazteko atera ginen. Eta boikota egitera atera ginen".

Euskal Herrian izan ziren protesten harira, zazpi pertsona daude auzipetuta gaur egun, eta 30 bat laguni ezarri dizkiete isunak. Amnistia Internazionalak iaz emandako datuak ere nabarmendu zituzten atzo, denera, 30 atxilotu izan baitziren Espainiako Estatu osoan, eta gutxienez 108 isun izan dira. "Pertsona batzuek 1 eta 6 urte arteko espetxe-zigorrak izan ditzaketen prozedura penalei egin behar diegu aurre", azaldu zuten.

Erantzuleak, "argi eta garbi"

Atzoko agerraldian, "argi eta garbi" seinalatu zituzten errepresio horren guztiaren "erantzukizunak": "Lehenik eta behin, Espainiako Gobernuarenak; izan ere, publikoki giza-eskubideen defentsaz hitz egiten zuen bitartean, praktikan ez zuen ezer egin Israelek nazioarteko jardueretan parte hartzea eragozteko. Gobernu autonomikoak ere seinalatzen ditugu parte-hartzea debekatzeko eskura zuten tresnarik ez erabiltzeagatik. Eta Espainiako Vueltako zuzendaritza ere salatu nahi dugu, Israel Premier Tech lehiaketatik kanpo uzteko gaitasuna izanik, horri eustea erabaki zuelako".

"Palestinako herriak indarkeria jasanezina pairatzen jarraitu du"

Auzipetuek nabarmendu zutenez, dena den, ez zuten agerraldia egin "Vueltari buruz hitz egiteko bakarrik": palestinarren aurkako sarraskiak jarraitu egiten duela azpimarratu nahi izan zuten. "Urte honetan, Palestinako herriak indarkeria jasanezina pairatzen jarraitu du. Hilketek jarraitu dute. Kanporaketek jarraitu dute. Suntsipenak jarraitu du. Bien bitartean, arreta politiko eta mediatikoa desagertuz joan da. Herritarren mobilizazioak indarra galdu du. Eta hori ere esan behar dela uste dugu". Salatu zuten "gobernuek eta komunikabide handiek erantzukizun itzela" dutela "arreta galtze horretan", baina, bitartean, "milioika palestinarren errealitate gordina ez dela desagertu".

Borrokak merezi du

Hainbat exijentzia atera zituzten mahaira, hala: "genozidioa sustatzen duten erakunde eta enpresen aurkako zigorrak" ezartzea; "arrazismoaren, xenofobiaren eta intolerantziaren aurkako kirol-legeria jokabide horiek egiten dituztenen aurka erabiltzea, eta ez jokabide horiek salatzen dituztenen aurka"; eta "mobilizazio horien ondoriozko prozedura administratibo eta judizial guztiak etetea". Horrekin batera, aurrera begirako mezu batekin bukatu zuten prentsaurrekoa, borrokak merezi duela azpimarratuz, alegia: "Borrokak bere emaitzak dakartza eta gaur egun argi eta ozen esan dezakegu Israelgo Estatuak ez duela txirrindularitza talderik bere genozidioa zuritzeko".