ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Hala Bedi
2020/01/27 12:17

Iragan astelehenean hasi zituzten lanuzteak Gasteizko (Araba) Detesa enpresan. Aste osoan zehar egin zituzten plantoak langileek, ostiralera arte.

"Lan hitzarmen duin" baten defentsan hasi zituzten mobilizazioak, eta salatu dute enpresako zuzendaritzak ez duela langileen aldarriei heltzeko borondaterik adierazi. Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea da exijentzia nagusienetako bat; izan ere, gauzatzen dituzten lanak "egiturazko lanak" badira ere, aldi baterako kontratuak dituzte behargin gehienek. Langile berrien soldataren inguruko aldarrikapenak ere egin dituzte, enpresan hasi berriek soldata baxuagoak baitituzte lanean denbora gehiago daramatenekin alderatuta, lan berdina egiten badute ere. Ordainsaria parekatzea lortzeko, denbora luzez aritu beharra dute enpresan lanean.

Langileen ordezkarien esanetan, zuzendaritzaren jarreraren aurrean, mobilizatzen jarraituko dute. Beraz, iazko lanuzteak amaitu badira ere, beharginek ez dute baztertu mobilizazio gehiago egitea.

Urtebete borrokaldian

Urte bat igaro da Detesako langileen batzordeak eta zuzendaritzak negoziazioak hasi zituztenetik, lan hitzarmena hizpide. Oraindik ez dute erdietsi egun langileek enpresan bizi dituzten lan baldintzei aurre egiteko akordiorik.

Alestis enpresan ere mobilizazioak

GEDAR LANGILE KAZETAk aurreko astean argitaratu zuen modura, paroak egin dituzte hiri berdineko Alestis enpresako langileek ere, lankide baten kaleratzea eta horren ondorengo egoera salatzeko asmoz.

Ez da enpresak gauzatu duen lehenengo kaleratzea. Iragan abenduan, 40 izan ziren kalera bidalitako beharginak, eta 54 horiek berriz hartzea aldarrikatzeko egin zituzten lanuzteak. Azkenengo kaleratzearen aurrean, langileen mezua argia da: ez dute kaleratze librerik onartuko.