Iragan astelehenean hasi zituzten
lanuzteak Gasteizko (Araba) Detesa enpresan. Aste osoan zehar egin zituzten plantoak langileek, ostiralera arte.
"Lan hitzarmen duin" baten defentsan hasi zituzten mobilizazioak, eta salatu dute enpresako zuzendaritzak ez duela langileen aldarriei heltzeko borondaterik adierazi. Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabe bihurtzea da exijentzia nagusienetako bat; izan ere, gauzatzen dituzten lanak "egiturazko lanak" badira ere, aldi baterako kontratuak dituzte behargin gehienek. Langile berrien soldataren inguruko aldarrikapenak ere egin dituzte, enpresan hasi berriek soldata baxuagoak baitituzte lanean denbora gehiago daramatenekin alderatuta, lan berdina egiten badute ere. Ordainsaria parekatzea lortzeko, denbora luzez aritu beharra dute enpresan lanean.
Langileen
ordezkarien esanetan, zuzendaritzaren jarreraren aurrean, mobilizatzen
jarraituko dute. Beraz, iazko lanuzteak amaitu badira ere, beharginek ez dute baztertu mobilizazio gehiago egitea.
Urtebete borrokaldian
Urte bat igaro da Detesako langileen batzordeak eta zuzendaritzak negoziazioak hasi zituztenetik, lan hitzarmena hizpide. Oraindik ez dute erdietsi egun langileek enpresan bizi dituzten lan baldintzei aurre egiteko akordiorik.
Alestis enpresan ere mobilizazioak
GEDAR LANGILE KAZETAk aurreko astean argitaratu zuen modura, paroak egin dituzte hiri berdineko Alestis enpresako langileek ere, lankide baten kaleratzea eta horren ondorengo egoera salatzeko asmoz.
Ez da enpresak gauzatu duen lehenengo kaleratzea. Iragan abenduan, 40 izan
ziren kalera bidalitako beharginak, eta 54 horiek berriz hartzea aldarrikatzeko egin zituzten
lanuzteak. Azkenengo kaleratzearen aurrean, langileen mezua argia da: ez dute
kaleratze librerik onartuko.