Martxan da Goierriko Zentro Sozialista: bere garaian Erka Material Elektrikoak enpresak Beasainen (Gipuzkoa) zeukan lokala birjabetu du eskualdeko Kontseilu Sozialistak, eta iragan asteburuan aurkeztu dute jendaurrean. Kontseilu Sozialistako kideek aurreko astean eman zuten Zentro Sozialistaren irekieraren berri, eta hainbat ekimenetara deitu zuten astebururako: lan-egun bat antolatu zuten aurreko ostiralerako, eta aurkezpen saio bat larunbaterako. Jende ugari bertaratu zen espazioa ikustera eta han martxan izango diren ekimenak ezagutzera.
Datozen egunetarako ere egin dituzte hainbat deialdi birjabeturiko gunean. Asteazkenean, hilaren 29an, Gedar Telebistaren Burdin Hesia programa emango dute Zentro Sozialistan; zehazki, Rafael Poch kazetariari egindako elkarrizketa ikusteko aukera izango da. Hurrengo egunean, tailer bat eskainiko du Goierriko Etxebizitza Sindikatuak: etxeko alokairuaren inguruko azalpenak emango ditu.
"Langile
klasearen aurkako ofentsiba bizi dugun honetan, proletalgoaren
autodefentsarako tresna gehiago sortu eta indartu nahi ditugu Zentro
Sozialistaren bidez", azaldu zuten Kontseilu Sozialistako kideek Zentro Sozialistaren berri ematean. Besteak beste, "aholkularitza eskaintzeko eta formakuntza saioak egiteko" bulego bat izango dute espazioan Goierriko Laneko Autodefentsa Sareak eta osteguneko tailerra emango duen Etxebizitza Sindikatuak. Iazko abenduan aurkeztu zuten sindikatua.