Espainiako Auzitegi Nazionalak urte honen hasieran epaitu zuen Asier Ezeiza preso politikoa, eta froga falta zela-eta, absolbitu egin zuen martxoan. Izan ere, leporatua zitzaion 2003an Alacanteko eta Benidormeko bi hoteletan bi ekintza egin izana. Horren harira, akusazioen zerrendan batzen ziren polizien aurkako sei hilketa saiakera eta beste zortzi hilketa saiakera, baina auzitegiak ondorioztatu zuen ez zegoela frogatuta Ezeizaren parte-hartze zuzena.
Hala eta guztiz ere, sententziari muzin egin eta epaia errepikatzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Gorenak, dioenez, Auzitegi Nazionalak ez duelako nahikoa aztertu Ezeizaren parte-hartzea ekintzetan. 2003an izan zuen jardun militantea aztertu nahi luke Auzitegi Gorenak.
2008an atxilotu zuten Ezeiza Frantziako Estatuan. Han izan zuten preso urte honen hasierara arte, orduan, Madrilera eraman baitzuten epaitua izan zedin. Horren ostean, COVID-19a zela eta, Zaballako (Araba) espetxean giltzapetu zuten, eta maiatzean geratu zen aske, zigorra beteta.