ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Tom Kalnins
2024/05/08 11:01

Espainiako Gobernuak berriki aitortu du mila milioika euro gehiago bideratuko dituela programa belikoetara: 22.329 milioi euro. El Salto-k jaso duenez, horrekin 11 armatze-programa berri finantzatuko ditu "historiako gobernurik aurrerakoienak": horietatik 3.906 milioi euro baino ez ditu ordaindu oraindik, eta 2024 eta 2026 artean jarri beharko du gainerako guztia.

Aurreko hilean bertan atera zen argitara 1.130 milioi euroko partida berri bat onartu zuela Espainiako Ministroen Kontseiluak, indar militarrak hauspotzeko. Gobernuaren esanetan, gerrarako hainbat material erosteko baliatuko du partida hori ere.

60.000 milioi euroko gastu erreala 2023an

Valentziako Dordoka Talde Antimilitaristako (Grup Antimilitarista Tortuga) Juan Carlos Roisekin hitz egin du El Salto-k, eta ohartarazi du gerra egitera dagoela bideratuta aipatutako gastu militarra, eta ez "defentsara", agintaritzek saltzen duten bezala.

2023ko aurrekontu orokor ofizialen barruan, Espainiako Estatuan 14.000 milioi euro inguruko partidak onartu zituzten "defentsarako". Hamaika aldiz salatu dute, dena den, askoz ere handiagoa dela benetako gastu militarra. Izan ere, indar militarrei errealki lotutako gastuak eta inbertsioak askoz ere zabalagoak dira, eta ez soilik "defentsara" bideratutakoak.

Centre Delàs d’Estudis per la Pau erakundearen txosten baten arabera, gastu militar erreala 27.617 milioi eurokoa izan zen 2023an. Dordoka Taldeko Roisek emandako datuak, baina, are kezkagarriagoak dira: iaz 60.000 milioi euroko gastu eta inbertsio militarra izan zela mahaigaineratu du. "Ezkutuko gastu militarra" ere sartu du ekuazioan; hala nola, Kanpo-Auzietako Ministerioari, Industriari eta Ogasunari lotutako hainbat gastu eta inbertsio.

Roisek seinalatu duenez, 2023an, Espainiako Estatuko biztanle bakoitzeko, 1.259 euro xahutu zituen gastu militarretan PSOEren eta Podemosen gobernuak.

"Segurtasun-akordioa" Ukrainako Gobernuarekin

Aste honetan jakinarazi dute, bestalde, "aldebiko segurtasun-akordio bat" adostu dutela Espainiako Gobernuak eta Ukrainakoak, aurretik Mendebaldeko beste hainbat estatuk egin duten modura. G7aren Vilniusko Adierazpena du oinarri akordio horrek, Volodimir Zelenskiren esanetan.

Adierazpen horretan, Ukrainari babesa emateko konpromisoa hartu zuten parte-hartzaileek; hura NATOn sartu arte, behintzat. G7aren parte ez diren estatuek, baina, aldebiko elkarrizketen bidez hartu dituzte gisa horretako konpromisoak Ukrainako Gobernuarekin. Horixe da, esaterako, Espainiako Estatuaren kasua. Hitzarmen horien eskutik, datorren hamarkadan ukrainarrei laguntza militarra emango dietela hitzeman dute Mendebaldeko agintariek.

Espainiako Gobernuak Ukrainakoari emandako "laguntza militar etengabea" eskertu du berriki Zelenskik; nagusiki, "aireko defentsari" lotuta. Gainera, "Latinoamerikan eta Afrikan emandako bultzada" dela-eta ere eman zizkion eskerrak Pedro Sanchez presidenteari.

Azken elkarrizketetan, Bake-Formula delako goi-bileran parte hartuko duela ere promestu du Espainiako Gobernuak. Ekainaren 15ean eta 16an izango da bilkura hori, Suitzan. Besteak beste, Errusiako tropak atzera botatzera behartu nahi dituzte mugimendu horren bidez, baldintza hori exijentziatzat hartuta.

NO HAY COMENTARIOS