AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EFE/Defentsa Ministerioa
2024/04/23 11:50

Defentsa Ministeriora bideratutako aurrekontua areagotzen jarraitzen du "historiako gobernurik progresistenak". Ministroen Kontseiluak berriki eman du ontzat partida berri erraldoi bat, ia 1.130 milioi eurokoa, gaitasun militarrak indartzen jarraitzeko. Esparru-akordio baten bidez ahalbidetuko du gastu berria gobernuak, eta, bere esanetan, hainbat material erosiko dituzte horri esker; hala nola, armamentu-sistemak, munizioa eta bestelako ekipamendu militarrak. Dena den, agintariek ez dute zehaztu zer material eskuratu nahi duten eta zer programa eta kontraturen bidez egingo duten hori.

Gastu militarraren handitze hori justifikatzera mugatu da gobernua, nazioarteko egoera geopolitikoari erreferentzia eginda: "Gaur egungo nazioarteko egoera aldakortasun, ziurgabetasun eta ezegonkortasun handiko testuinguru batean dago, eta, beraz, gaitasun militarrak premiaz indartu behar dira, erabilgarri dagoen erreserba estrategikoa handitzeko". Erreserba estrategiko horren balioa, itxura denez, 1.129.648.285,2 eurokoa da.

Hamaika enpresaren eskutik

Pedro Sanchez presidenteak martxoan iragarri zuen jada 1.000 milioi euro inguruko partida berri bat izango zela, egoera geopolitikoko aldaketak argudiotzat hartuta. Sanchez eta Margarita Robles Defentsa ministroa bi aste beranduago bildu ziren Espainiako Estatuko sektoreko enpresa nagusiekin.

Bileran parte hartu zuten, besteak beste, ondoko enpresek: Aciturri, Aernnova, Aesmide, Airbus, Arquimea Group, Escribano Mechanical & Engineering, Expal/Rheinmetall, Fecsa, Fábrica de Municiones de Granada, Gdels-Santa Bárbara Sistemas, GMV, Hisdesat Servicios Estratégicos, Indra, Instalaza, ITP Aero, Nammo Palencia, Navantia, NTGS, Oesía, Saes, Sapa, Sener, Tedae eta Urovesa.

27.617 milioi euro 2023an

2022ko datuekin alderatuta, 2023an, %23,4 igo zen gastu militarra Espainiako Estatuan, Centre Delàs d’Estudis per la Pau erakundearen txosten baten arabera. 2023an, hain zuzen ere, 27.617 milioi euro bideratu zituzten indar militarretara (beherago aipatuko diren kostu guztiak aintzat hartuta, eta ez soilik Defentsa Ministerioaren aurrekontua). Espainiako Estatuak ere duela bi urte hartu zuen konpromisoa, NATOren Madrilgo goi-bileraren bueltan, gastu militarra Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2koa izan dadin hamarkadaren amaierarako.

Hala ere, berez, iaz bete zuen konpromiso hori Espainiako Estatuak (BPGaren %2,7ra heldu zen gastu erreala). Izan ere, tranpa egin eta Defentsa Ministerioaren gastua baino ez du jotzen gastu militartzat gobernuak, eta ez dira kontuan hartzen, esaterako, indar militarren mantenua, soldaduei edota Guardia Zibilari lotutako gastuak (Kode Militarrak barne hartzen ditu guardia zibilak), nazioarteko erakunde militarretako parte-hartzeak sortutako kostuak (esaterako, NATO), gastu militarraren osotasunetik eratorritako zorraren interesak, eta abar.

Hamar urteko epean, %113 igo da indar militarretara bideratutako aurrekontu ofiziala: 6.676,7 milioi eurokoa izan zen 2014an, eta 14.453,8 eurokoa 2023an. PSOEk eta Unidas Podemosek gobernuan daramatzaten urteetan, 24.139 milioi euroko inbertsioak egin dituzte alor horretan.

EZ DAGO IRUZKINIK