Igorreko (Bizkaia) Araluceko langileek ez dute etsi. Batz Kooperatibak urrian jakinarazi zuen trokelgintza enpresa ixtea erabaki zuela, eta iragan ostiralean gauzatu zuen itxiera patronala, Ertzaintzaren laguntzarekin. Hala, jarduera bat-batean eten eta gaueko txanda egiten ari ziren beharginak kanporatu zituzten lantokitik, kitatzailearen aginduz.
Materiala eramaten ere saiatu ziren Batzekoak, baina gero eta langile gehiago bildu ziren lantegi aurrean; eta azkenean, trokelak eramatea galarazi zuten. Kooperatibak hainbat langileren aurkako salaketa aurkeztu du epaitegietan, Araluceren itxieran hainbat ordezkari "erasotzeagatik".
Guardia etengabea
Araluce itxi zutenetik, berehalako kaleratze egoeran dauden 141 beharginek ezin izan dute barrura sartu, baina egunero egin dituzte zaintza txandak, lantokiaren kanpoaldean. Helburu izan dute Batzek bertan dauden trokelak ez eramatea; izan ere, uste dute bestela ezinezkoa izango dela Aralucek irautea.
Dirudienez, Batzentzat beharrezkoa da Araluce lantoki barruan dagoen trokela bat bertatik ateratzea; bestela, ezingo duelako Jaguar enpresarentzako mandatu bat egin.
Mondragon Kooperatibaren barnean dago Batz, eta Igorreko enpresa bat da, 700 langile biltzen dituena. Duela hiru urte erosi zuen Araluce, 2016. urtean. Aralucetik 300 metrora dago Batz lantegia, Berria-k jaso duenez.
Batz, epailea eta langileak
Une honetan harremanetan daude Batzeko arduradunak eta beharginak, baina ez dute akordiorik lortu bi aldeek. Duela bi egun bildu ziren, Lan Harremanen Kontseiluan. Langileek likidazioa atzeratzeko eskaera egin zuten, lantokia erosiko duen inbestitzaile bat agertuko delakoan, baina ezezkoa eman zien kooperatibak.
Dena den, auzitegietan aztertu dute iragan ostiraleko itxiera patronala, eta legez kanpokotzat jo du epaileak. Hala, legez, dagoeneko ez dago itxita Araluce lantegia, eta langileek aldez aurretik deitua zuten grebari heldu ahal izan diote. Borrokak ez du etenik, beraz, eta grebaldia abiatu dute orain.