AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Araluce Bizirik
2019/11/08 09:58

Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresako zuzendaritza, sindikatuak eta langileak atzo elkartu ziren, baina ez zuten akordiorik erdietsi. Hala, jarraian jaso zuten kolpea beharginek; goizaldeko 01:00ak aldera, likidatzaile bat eta Ertzaintza bertaratu dira lantokira; eta gaueko txanda egiten ari ziren bost langileak kanporatu dituzte. Modu horretan jakin dute langileek enpresak amaitutzat eman duela bere jarduera, eta aldez aurretik ez zaie ezer jakinarazi. Itxierarekin, guztira 141 langile kaleratu ditu Batz taldeak.

Ordutik, langileak lantegiaren kanpoaldean daude bilduta. Ertzaintza ere bertan da, eta ez diete beharginei Araluce barrura sartzen uzten. Azaldu dute "tentsio handiko uneak" izan direla, eta poliziak hainbat aldiz kargatu duela jada. Badirudi enpresak lantoki barruan dagoen makineria eraman nahi duela orain.

Batz eta itxiera

Azken asteetan mobilizazioak egin dituzte Araluceko beharginek, dagoeneko martxan zegoen enpresaren likidazio prozesua salatzeko. Hala jakinarazi zuten 141 zirela kaleratuak izateko arriskuan zeuden langileak. Batz taldeak gidatu du itxiera prozesua, eta langileek urrian gaitzetsi zuten ez zutela inolako harremanik izan haiekin. Izan ere, esan zutenez, kooperatibak kontratatutako abokatuekin baino ez zuten hitz egin. Mondragon Kooperatibaren parte da Batz taldea.