Antiabortistek zabaldutako mezu erreakzionarioei aurre egin die Gasteizko Itaiak

Jendetza bildu zen atzo Gasteizko Maria Sarmiento plazan, antiabortistak bildu ohi diren lekuaren parean. Itaiak deituta, abortuaren aurkako kriminalizazioari ezetz esan zioten mobilizazioan, antiabortistak zabaltzen ari diren mezu erreakzionarioei eta matxistei kontra eginez. Izan ere, jazarleak Garizumarekin batera hasi ziren abortua gauzatzen duen klinika batetik hurbil kontzentrazioak egiten, hara doazen emakumeei eta langileei jazartzeko; eta ospitaleetan kartelak jartzen eta portzelanazko fetuak banatzen ere aritu dira azken asteetan. 

"Onartezina da urteetan zehar antiabortistek izandako inpunitatea: emakumeak jazarri eta kriminalizatu dituzte, inolako traba eta zigorrik gabe", seinalatu zuen atzokoan Gasteizko Itaiak. Gogorarazi zuen "mezu guztiz erreakzionario eta matxistak zabaltzeko legitimitate osoa dutelakoan" jardun dutela azken asteetan, eta eraso egin diotela abortu-eskubidearen aldeko jardun orori: "Mehatxatu egin gaituzte, argazkiak atera dizkigute eta abortuaren alde jarritako aldarriak kendu dituzte. Horrela, elkartzen diren plaza hori bere egin nahi izan dute". 

Itaiak kezkaz azaldu du "emakumeon eskubideak jopuntuan jartzen dituzten ideiak gero eta gehiago ari direla zabaltzen". Horri "abortuaren inguruan dagoen estigmatizazioa eta presio soziala gehituz" gero, talde antiabortistek "protestak are lasaiago eta inpunitate osoz" egin ahal izateko testuinguru egokia topatzen dute, antolakundeak ohartarazi duenez. Gasteizko epaile batek, gainera, berriki hauspotu du jazarle antiabortistak mobilizatzea, absolbitu egin baititu haien aurkako azken epaiketan.

Bitartean enpresa pribatuetan negozioa egiten ari direla gogoraraziz, EAEn abortuen %95 gauzatzen baitira klinika pribatuetan, Itaiak bi zeregin nagusi markatu ditu abortuaren aldeko borrokan: "abortuaren aurkako posizionamendu erreakzionarioei zein eskubide hau urratzen duen neurri orori aurre egitea", batetik, eta "doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den abortuaren alde egitea", bestetik.

Donostian eta Bilbon ere elkarretaratzeak egiten ari dira antiabortistak, klinika batzuen parean, eta hiri horietan ere mobilizatu da Itaia abortu-eskubidearen alde. Atzo bertan, Bilbon egin zuen beste kontzentrazio bat, Unamuno ikastetxearen parean: manifestari antiabortistek asteak daramatzate bertan biltzen, 40 egunez luzatuko den jazarpen-zikloan.