Bilbon, abortuaren kriminalizazioa salatu du Itaiak

Abortu eskubidea defendatu! Emakumeon aurkako kriminalizaziorik ez! lelopean, Unamuno ikastetxearen aurrean elkarretaratu dira gaur hainbat pertsona, Bilboko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta. Izan ere, Garizumarekin batera, manifestari antiabortista batzuek egunak daramatzate bertan kontzentrazioak egiten: hurbil dago Euskalduna klinika, eta horregatik biltzen dira han hainbat jazarle, haurdunaldia etetera doazen emakumeei eta klinikako langileei jazartzeko eta presioa egiteko. 

Abortatzeko eskubidearen defentsan, Unamuno parean mobilizatzeko deia egin zuen Itaiak, eta elkarretaratze bat egin du gaur goizean, 11:15ean. Antolakundeko kideek gogorarazi dutenez, "emakumeak eta klinikako langileak kriminalizatzea, emakumeon oinarrizko eskubideen aurka egitea eta abortuaren inguruan dagoen estigmatizazioa handitzea" da manifestari antiabortisten helburua. Hortaz, abortatzeko eskubidearen alde erantzuteko deia egin dute Itaiatik, "abortuaren aurkako posizionamendu erreakzionarioei aurre eginez" eta "doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den abortuaren alde borrokatuz".

Gasteizen ere gaurko jarri du hitzordu bat Emakumeon Antolakunde Sozialistak, izan ere, bertako klinika baten ondoan ere ari dira elkarretaratzeak egiten hainbat antiabortista. Arratsaldeko 18:30ean Maria Sarmiento plazara bertaratzeko deia zabaldu du;  El Corte Ingles saltokiaren parera, alegia.